EH erdigunean euskal mendizaleen egitura bateratua aldarrikatu zuten

Guaixe 2016ko urr. 10a, 12:25

Mendizaleen kolektibo osoarendako proiektu komun bat gauzatzeko bide-orria zehazteko konpromisoa hartu dute Nafarroako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak eta Euskal Mendi Federazioak

Iratxo mendi taldeak, Sakanako Mendizaleak taldeak eta Independentistak sareak antolatuta, Euskal Herriko Erdigunera martxa burutu zen igandean. Eguraldia lagun, lurraldetasuna aldarrikatzeko ekin zioten ibilbideari hiru zutabek. Bata Unanutik abiatu zen, 8:15ean, Senosiaingo goialdeko askatik bestea, 8:45ean eta Irañetako bordatik azkena, 9:30ean. Denek bat egin zuten Euskal Herriko Erdigunean eta jendetza talde ederra bildu zen.


Bi federazioetatik bakarra sortzea
Bertan burututako ekitaldian, Euskal Mendi Federazioak eta Nafarroako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak “mendizaleen kolektibo osoarendako proiektu komun bat gauzatzeko bide-orria zehazteko konpromisoa “ hartu zuten. Nafarroako Mendi Federazioko Martin Montañes lehendakariak eta Koldo Aldaz lehendakari ordeak irakurritako adierazpenean, “euskal mendizaleen egitura komun baterako konbergentzia” aldarrikatu zuten, “duela 27 urte Besaiden sinatutako Lankidetza Hitzarmena oinarritzat hartuz”.

Historian atzera eginez, gogoratu zuten 1924an jaio zela, Elgetan, Federacion Vasco Navarra del Alpinismo taldea, eta 1989an Eusko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuen babespean hegoaldeko lau lurraldeetako federazioek Besaiden sinatutako hitzarmena oroitu zuten. Montañesek eta Aldazek nabarmendu zutenez, Nafarroako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak eta Euskal Mendi Federazioak sinatu dute Euskal Herriko erdigunean irakurritako adierazpena. “Asteazkenean bildu ginen Euskal Mendi Federazioko presidente Joseba Ugalderekin Tolosan eta gaur irakurri dugun manifestu hau adostu genuen” azaldu zuen Aldazek.

Ekitaldiaren ondoren bildutakoak Irañetako bordara jaitsi ziren, bertan herri bazkaria prestatu baitzuten antolatzaileek.


Erdigunea, erasotuta
Beriaingo San Donato ermitatik hurbil, Olibesaroian dago kokatuta Euskal Herriko erdigune geografikoa, 1.236 metroko altueran, (Koordenadak: X:586.936 eta Y:4.748). Felix Isasi ingeniariak barizentroaren kontzeptuan oinarrituta kalkulatu zuen erdigunea. Monolito bat jaso zuten bertan. Baina egunotan hainbat ezezagunek bertan jasotako monolioa erasotu dute. Espainiar banderako koloreekin margotu dute monolitoa eta “España” idatzi dute ondoan. Gertatutakoa salatu dute. Igandeko ekitaldian ateratako argazkian, monolitoa independentisten ikurrarekin estalita ageri da.