Beraza eta Mugika Enduroko Sei Egunetan

Guaixe 2016ko urriaren 11

Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan burutzen ari da proba eta munduko 600 pilotu baino gehiago lehiatuko dira. 1.000 km-ko ibilbidea egin beharko dute, sei egunetan

Gaur, asteartean, goizeko 8:00etan hasi dira 2016ko Enduroko Sei Egunak (ISDE, International Six Days Enduro), Enduroko Olinpiadak izenarekin ezagunak diren proba ezagun bezain gogorrak. Aurten Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituan eta inguruetan jokatuko da proba garrantzitsua eta guztira 600 pilotu baino gehiago lehiatuko dira, munduko 33 herrialde ordezkatuko dituztenak. Pilotuek hiruko edo lauko taldeak osatuko dituzte eta guztira 1.000 km-ko ibilbidea egin beharko dute, sei egunetan.

Gaurko ibilbidean, Nafarroako Zirkuitutik atera eta ondoren Ancin, Larrion, Larraga eta Berbinzana gainditu beharko dituzte, Nafarroako Zirkuituan bukatzeko.

Azken edizioan Australia izan zen txapelduna. Aurten Espainia ordezkatuko duten pilotuen artean Jonathan Barragan, Jaume Betriu, Victor Guerrero eta Ivan Cervantes izango dira maila nagusiko ordezkariak eta, emakumezkoetan, Laia Sanz, Sandra Gomez eta Mireia Badia izango dira maila goreneko pilotuak.

Lehiatuko diren pilotuen artean Marcos Beraza irintarra eta Unai Mujika altsasuarra eta Unai Mujika altsasuarra daude. Marcos Berazak Sergi Casain katalandarrarekin eta Jaime Perez andaluzarekin osatu du taldea. Unai Mugikaren taldean Iker Artxango dago.