125 ikasle inguru trebatuko dira yoseikan budoan

Guaixe 2016ko urr. 12a, 14:37

Sakanako Txuixoo Yoseikan Budo taldeak Altsasun eta Etxarri Aranatzen emango ditu eskolak

Hasi da 2016-2017 ikasturtea eta Sakanako Txuixoo Yoseikan Budo taldean gozoz ekin diote. Yoseikan budoa arte martziala da, baina ikuspegi zabal batetik landua. Aritz Agirrebengoa San Roman irakasle altsasuarrak azaldu digunez, Etxarri Aranatzen 50 ikasle inguru dituzte eta Altsasun 75 inguru. “Matrikulak ixten ari gara. Gehienak haurrak dira, 3-6 urte, 6-9 urte eta 9-12 urte artekoak. Altsasun astelehen, asteazken eta ostiraletan ematen ditugu klaseak eta Etxarri Aranatzen asteartetan eta ostegunetan. Baina akaso talde gehiago atera daitezke” azaldu digu Altsasuko yoseikan budo irakasleak.

Aspaldi iritsi zen yoseikan budoa Sakanara. Oihan Barandalla etxarriarrak eskatuta, Iparraldeko Koxe Perez klaseak ematera etorri zen, “duela ia 20 urte”, Koxek dioen bezala. “Etxarrin eta Altsasun elkarteak sendotzen joan gara. Yoseikan budoak osasun ona du, batez ere gaztetxoenetan. Ahoz aho gurasoek zabaldu dute gure kirola. Umeekin egiten dugun lana oso ona da, oso espezifikoa, eta beraiek, umeak eta gurasoak, oso pozik daude” gaineratu du Aritzek.

Aritz Agirrebengoa duela hiruzpalau urte hasi zen irakasle bezala formatzen, Koxe Perez eta beste ikasle batzuekin. “Umeen lana ikusten, borroka partea eta parte martziala lantzen… Irakasteko gaitasuna hartzen joan nintzen” azaltzen du. Yoseikan budoan hasi zen, “hurbileko jendea bertan zebilelako eta kirola egiteko beste modu bat” iruditu zitzaiolako. “Ikusten nuen haurrekin egiten den lana oso baliagarria dela. Yoseikan budoak ikuspegi oso zabala du. Gainera euskaraz ematen ditugu klase guztiak eta helduak, haurrak, mota guztietako jendea aritzen da. 3 urtetik hasita 70 urtera arte. Lan egiteko oso kirol polita da” aipatzen du Agirrebengoak.

Yoseikan budoaz
Yoseikan budoa Japoniatik datorren arte martziala da. Wikipedian jasotzen denez, 1960ko hamarkadaren bukaera-aldean garatutako borroka-artea da, 1975ean Hiroo Mochizuki japoniarrak ofizialki fundatua. Samurayen tradizioan txertatzen da Mochizukiren lana, haien ondorengo zuzena baita. Txuixoo elkarteak yoseikan budoaren onurak asko direla dio. Besteak beste, gorputz mugimenduaren kontrola, nortasun pertsonalaren garatzea eta, garrantzitsuena, alaitasuna. Bestalde, yoseikan budoaren zeharkakotasunak bere borrokalariei beste hainbat modalitatetan aritzeko trebetasuna ematen die, kick boxingean, Combat Jujitsuan eta beste hainbatetan.

“Nahi diozun aplikapena emateko askatasuna ematen dizu. Parte asko ditu. Haurrekin gehiago lantzen dugu umeek prezepzioa, kontziente izan daitezela euren gorputzaz, nola mugitu, oreka, lateralitatea… Gero yoseikan budoaren beste beste parte bat da martziala dena. Esperimentatzea gorputza nola erabili, zeintzuk diren gorputzaren tentsio guneak, nola mugitzen den, borroka praktikoa… Bestalde, txapelketetarako pixkat gehiago lantzen dugu lurreko partea, ukabila eta hankak... oso konpletoa da. Makilak hartzen ditugu, lantzen ditugu distantzia ezberdinetan eta orokorrean lantzen dugu borroka puroa, edozein delarik, erabili dezakezula” adierazi digu Agirrebengoak.

Haurrak eta helduak
Haurrekin Gorputz Eskola izeneko proiektua lantzen dute. “Beraien gorputza lantzeko formatzen ditugu haurrak. Psikomotrizitatetik abiatuta, baloi puzgarriak, pilotak, eskularruak… erabiltzen ditugu. Izan daitezela kontziente zer erabiltzen duten eta gaitasun asko lor ditzatela, gero nahi dutena landu ahal izateko. Izan ere, gorputz askatasuna dutenean gai izango dira nahi dutena egiteko: borroka egin, dantza egin… beraiek aukeratu dezatela. Gorputza mugitzeko askatasuna eskaini nahi diegu haurrei”. Bestalde, yoseikan budoak helduekin lan egiteko aukera ematen du, beste modu batean. “Kasu honetan ez da horrenbeste lantzen konfrontazioa edo borroka. Jende nagusiak nabaritzen du bere osasunean nola eragiten duen askatasunez mugitzeak, gorputza erabiltzeak eta ez oxidatzeak… planteamendu berezia dugu eurendako” gaineratu du Agirrebengoak.

Amets Yoseikan Budo taldea, Euskal Herri mailakoa
Aritzek 4 urte daramatza irakasle. “Irakasle on bat formatzeko urte asko behar dira, yoseikan budoak arlo asko dituelako. Aikido, judo, kick boxing, borroka brasildarra.... borroka sistema fuerte bat osatzeko asko trebatu behar da, dena baitoa batera. Ni Altsasun eta Etxarrin nabil irakasle, eta baditut laguntzaile batzuk. Atarrabian badago beste irakasle bat eta Iparraldean badaude bizpahiru irakasle” onartu du altsasuarrak.

Izan ere, horiek dira yoseikan budoaren eremuak Euskal Herrian. “Gure helburua mugak gaindituko dituen taldea sortzea da, hegoaldea eta iparraldea bateratzea. Eta asmo horrekin sortu dugu Amets Yoseikan Budo taldea, Euskal Herri mailako proiektua. Horrela, yoseikan kanpaldia egiten dugu udan, Iparraldeko eta Hegoaldeko haurrak elkartzeko. Euskaraz komunikatzen gara. Eta euskal selekzioa ere badugu. Iparraldekoak eta hegoaldekoak elkartzen gara eta entrenamenduak egiten digutu, normalean bi larunbatetan behin, Altsasun, Etxarrin eta Iparraldean” azaldu du Aritz Agirrebengoak.

“Nafarroan hasi da jende asko yoseikan budora biltzen. Amets, arte martzialen euskal taldeen sarearen proiektua, gure proiektua, ulertzen dute. Lehenik eta behin, yoseikan budoa euskaraz irakatsi nahi dugu; bigarrenik, garapen pertsonala garatu nahi dugu; eta, hirugarrenik, auzolana eta kooperatibismoa sortu nahi ditugu gazteen eta txikien artean” aipatu du Koxe Perezek. Izan ere, yoseikan budoa ez da bakarrik arte martzial bat. “Arte martziala entzuterakoan jendeak kirolean pentsatzen du. Baina hori yoseikan budoaren aspektu bat da bakarrik. Yoseikan budoa kirola da, baina baita ere arima eta gorputza, gorputz eskola. Txikiendako lan psikomotrizitatea, aikidoa, bi borrokalarien artean kooperazio sistema bat eta baita gimnastika sistema. Hori guztia” nabarmendu du Perezek.


Nadir Boumahammed borrokalari prestigiotsuarekin ikastaroa
Asteburu berezia izan da hau Txuixoo Yoseikan Budo taldearendako, Nadir Boumahammed yoseikan budo borrokalari frantziar prestigiotsuak ikastaro trinkoa eman baitie Altsasun, ostiraletik igandera. “Pedagogo oso ona da eta borrokalari eta formatzaile bikaina. Borroka eta epaimahaikide edo epaile izateko ikastaroa eman digu asteburuan. Euskal Herri mailako yoseikan budo irakasleak, Euskal Herriko borrokalariak eta beste aritu gara klasea jasotzen, 15 lagun inguru. “Zorte handia izan dugu Nadir Boumahammed bezalako aditu batek euskal selekzioaz arduratzea eta guri bi saio eskaintzea proposatu izanagatik. Opari bikaina da guretzat. Asteburu bat Altsasun eman dugu eta beste bat Pagolan, Baxenafarroan egingo dugu” esan du, eskertuta, Koxe Perezek. Abenduaren 10ean eta 11n Nazioarteko Txapelketa jokatuko da Parisen, eta euskal selekzioa bertan lehiatuko da. Prestatzeko bikain etorri zaie Boumahammedekin egindako ikastaroa.

Nadir Boumahammed 3 urterekin hasi zen yoseikan budoa lantzen, aitarekin. 15 urtez bere aitaren klubean ikasi ondoren, 18 urterekin yoseikan budoa irakasten hasi zen eta bi klub zabaldu zituen. Kirolari eta atleta erabatekoa da, 15 kirol ezberdin landu dituelako. Frantses federazioko irakaslea izan da. Bere palmaresean, 8 aldiz izan da Frantziako txapelduna eta guztira 13 podium ditu Frantzian. 3 aldiz irabazi du Belgikako Nazioarteko Grand Opena eta Marokoko Casablancako Openean txapeldunordea izan da. Europako txapeldunordea izan da. 4 urtez Frantziako selekzioan aritu da eta Frantziako epailerik gazteena da. “Kirolari espezimen handienetakoa da, eta oso gaztea. Bera bezalakoak salbuespenezkoak dira. Horregatik bere klaseak oso pozik hartu ditugu” azpimarratu du Koxe Perezek.