Ezkurdia eta Retegi Bi, prest Altsasuko ostiraleko partidarako

Atzo aukeratu zituzten pilotak Burunda pilotalekuan

Ostiralean lau t´erdiko txapelketako final laurdenetako ligaxka abiatuko da. Joseba Ezkurdiak Retegi Bi izango du arerio Altsasuko Burunda pilotalekuan, 22:00etan hasiko den jaialdian. Atzo material aukeraketa egin zuten. Biak gustura geratu ziren aukeratutakoarekin.

“Bakoitzak gure pilota dugu. Bereak pixkat lasaiagoak dira eta nireak ezberdinak. Bata biziagoa da eta bestea zakarragoa, baina igual errazago mugitzen dena. Azpitik txispa gehiago dutenak. Baina ikusiko dugu zer gertatzen den, aurreko astean banengoelako Lekunberrin pilotak ongi aukeratu nituela eta gero pixkat sosoak iruditu zitzaizkidan” adierazi zuen Joseba Ezkurdiak.
Arretxe II.aren kontrako partidatik hoberena “emaitza” izan zela aitortu zuen arbizuarrak. “Deseroso aritu nintzen, tentsioarekin. Buruz sufritu nuen eta azkenean gustura geratu nintzen, sufritzen jakin nuelako. Baina ez nintzen libre ikusten eta ea ostiralean hobeto aritzen nintzen” aitortu zigun arbizuarrak.

Retegi Biren kontra hobeto jokatu beharko duela argi du Ezkurdiak, hobetzeko gauza asko dituela, defentsan hobetzea, bereziki. “Retegi Biren kontrako partida zaila da. Nire jokoa egiten saiatuko naiz, abiadura jartzen. Ea sakearekin mina egiten dudan eta tantoa bukatzen aztatzen dudan. Badakit zaila izango dela, Retegi Bi pilotari ona delako. Bi eskuekin oso ongi manejatzen du pilota. Gauzak oso ongi egin beharko ditut baina gogoekin nago ea ea zer ateratzen den ostiralean” gaineratu zuen.

Asteazken goizean Gorkarekin entrenamendua egin zuen Ezkurdiak Burunda pilotalekuan. Retegi Bi, aldiz, arratsaldean entrenatu zen Jaunarenarekin.

Retegi eta Irujo, botillero
Pilotariekin batera, euren botilleroek piztu zuten jakinmina. Julian Retegi handia eta egun bajan dagoen Juan Martinez de Irujo botillero lanetan ikustea ez da gutxiarako. “Irujorekin oso ongi. Aurretik ere egina dit botillero. Mundu honetan urte asko daramatza eta aholku oso onak ematen ditu. Oso gustura nago berarekin eta ea bera ere hala dagoen” zioen arbizuarrak. Baietz erantzun zuen Iberokoak. Ongi sentitzen dela adierazi zuen, medikuei kasu egiten ari dela eta botillero lanetan gustura dabilela onartu zuen.