Mank-ek Ur Zerbitzuko lanpostua betetzeko oposizio-lehiaketa deitu du

Guaixe 2016ko urr. 13a, 08:25

Eskabideak Mank-en Lakuntzako egoitzan aurkezteko 30 eguneko epea asteartean hasi zen.

Sakanako Mankomunitateko Ur Zerbitzuan (behe sarean) ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez beteko du. Horretarako deialdia egin du. Gainera, hautapen prozesua gainditzen dutenekin Mank-ek lan poltsa sortuko du, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean. Langile berria lan-kontratudun finkoa izanen da eta C mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du.

Kontratatua den pertsonak hornidura eta saneamendu sareko, instalazioetako, telekontrol sistemako, ponpaketetako eta ura arazteko estazioetako mantentze lanak egin beharko ditu. Baita uraren kalitatea, biltegietako eta instalazioetako bateriak, eta neurketa eta irakurketa ekipoak kontrolatu beharko ditu. Ur Zerbitzuan beharrezkoak diren iturgintza lanak (behe) sarean eta instalazioetan egin beharko ditu. Eta, azkenik, kudeaketa sistemaren dokumentazioa eramatea.