Urriaren 1ean Nazioarteko Adinekoen eguna ospatu zen. Urtero moduan, Nafarroako Adinekoen Koordinakundeak dagozkigun arazo eta aldarrikapenak kaleratzeko ekimena burutu zuen. Foruen oroitarrian hasi eta Iruñeko udaletxeko plazan bukatu zen manifa.
Zoritxarrez, ez dugu esango jendetsua izan zenik, baina bai zaratatsua eta aldarrikatzailea. Datorkigula dirudienarekin isilik ezin gelditu.
Bukaeran irakurri zen agirian salatu ziren adinekoen arazoak eta bereziki pentsioei dagozkienak. Gobernuak neurririk gabe erabili du “Pentsioen Itsulapikoa” eta diruaren kopurua hutsaren hurrengora murriztu da.
2011ren amaieran zituen 68.815 miliotik 24.207 besterik ez da gelditzen. Pentsiorik gabe gelditzeko beldurra areagotuz doa eta Sistema Publikoaren gaitzesleak Pentsio Sistema Publikoa jasangaitza dela esaten digute eta murrizketak behar beharrezkoak izango direla.
Salatu eta garbi uzten da Gizarte Segurantzako diru sarreren murrizketa ez dakiola pentsionisten bizi-itxaropen luzeagoari. Langabeziaren gorakada, soldaten beherakada, kotizazioen murrizketak, salbuespen politikak, iruzurrak…dira diru iturri hori murrizten dutenak. Ez gaude baliabide eskasiaren aurrean, horien banaketa okerraren aurrean baizik. Gure diru sarrerek beherakada jasan duten bitartean, aberatsenek gorakada lotsagarria izan dute.
Pentsio duinak izateko dugun Konstituzio-eskubidea Estatuak bermatu behar digu. Baliabide Publikoak pertsona guztiak duintasunez bizi daitezen ahalbidetzeko dira, eta beraz, pentsioen euskarri ere izan behar dute. Aberatasunaren banaketaren alde egin behar dugu. Gehiengo sozialaren esku dago apustu hau irabaztea, porrota ziurra izango da saiatzen ez bagara.