Inasa zena industrialde bihurtzera

Inasa zena industrialde bihurtuko da

Guaixe 2016ko urr. 14a, 13:22

Paz Fernandez (Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea), Jose Mari Aierdi, Manu Aierdi, Goio Santesteban eta Aitor Larraza.

Nafarroako Gobernuak, Nasuvinsa enpresa publikoaren bidez, lantegia erosi du eta 20 bat enpresa ezartzea espero du. Urbanizatu ondoren kale berriak industrialdeko trafikoa arautu eta kamioi trafikoa Irurtzun erdigunetik kenduko du

Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak azaldu zigunez, “azken hiru urteetako lanketa” da aurkeztutakoa. Inasa zenaren azpiegiturak erosi ditu Nafarroako Gobernuak eta han eskualdeko industrialdea jarriko du. Ekonomia Garapenerako lehendakari-orde Manu Aierdik jakinarazi duenez, dagoeneko 2,5 milioi euro inbertitu ditu gobernuak Inasa eskuratzeko (itxierako konkurtso legean) eta 7,8 milioi eurora arte handituko du ekarpena. Dirua industrialde berriko partzelen salmentatik edo alokairutik berreskuratu nahi du gobernuak.

Aierdik adierazi duenez, “duela lau urtetik jarduerarik ez duten lur eta zoruak berreskuratuko eta berpiztuko ditugu”. Eta gaineratu du estreinako aldia dela halakorik egiten dela Nafarroan. Industrialde berriaren kokapena nabarmendu du, “Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko bidegurutzean dagoena”. Gobernua Arakilgo eta Irurtzungo udalekin batera ari da proiektua gauzatzen eta, antza, adostutako Udalez Gaindiko Proiektu Sektorial gisa garatuko da.

Lehendakari-ordeak gogora ekarri du Inasaren itxierak 170 langileren kaleratzea ekarri zuela. “Eskualdeak gainbehera egiteko aukera zegoen”. Aierdik aitortu du ekimena Arakilgo eta Irurtzungo udalek abiarazi zutela. Itxieraren ondoren bi udalek etorkizunagatik eta langabeziagatik kezka azaldu zioten departamentuari. Erakundeen arteko koordinazioa eta elkarlana nabarmendu ditu.

Udalen ekimena
Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carrerak esan duenez, “ekimenak Inasa zena berreskuratzen ez badu ere, eskualdearen industria-garapenerako bidea zabaltzen du. Horrelako erabakiak hartzea zen gure asmoa, eta ahalik eta hobekien gauzatzea. Gure helburua Irurtzunen eta Sakanan lan egin eta bizitzea da”. Sortu daitekeen enpleguaz aparte, industrialde berria dauden enpresak egonkortzeko balioko duela adierazi du Larrazak. Arakilgo alkate Goio Santesteban Nuñezek duela urteko panorama baino hobea dela nabarmendu du. Ekonomia suspertzeko ekimenak izanen duen garrantzia azpimarratu du.

Eskaera
Nasuinsako zuzendari kudeatzaile Jose Mari Aierdik adierazi duenez, “eskualdean orain dagoen eskaerari erantzuna emateko aukera dugu honekin”. Sapak pabiloi bat eskuratu duela eta dagoeneko han lanean dela (8.000 m2 inguru) eta beste bat eskuratuko duela jakinarazi du. Logistikako beste bi enpresekin heldu den astean lur eta nabe banaren okupazioa sinatuko dutela aurreratu du (4.000 m2 inguru bakoitzak). Beste hiru enpresek bere jarduera hemen kokatzeko negoziatzen ari dira. “Beraz, uste dugu birsorkuntza eta ekonomia-jardueraren sorrera azkarra izanen dela uste dugu”. Aierdik esan duenez, dauden eskaerei erantzuna emateko Sakanan industria-lurra falta da. Irurtzungo industrialdean interesa azaldu duten enpresak nafarrak direla jakinarazi du Aierdik.

Industrialde berriak hainbat ekonomia-jarduera hartuko dituenez, segurtasun neurriak, suteen kontrako neurriak eta beste beharko dituzte. Horregatik, hainbat eraikin bota eginen dituzte. Bulegoen eta pabiloien artean dauden bi eraikin txikiak dira horietako batzuk. Bestetik, bi pabiloien artean dagoen kalea zabaldu eginen da eta horretarako mendebaldeko pabiloiaren zati bat bota egin beharko da. Bestalde, bulegoen eraikinean enpresa mintegia edo prestakuntzara bideratzea aztertzen ari dira Nafar Lansare eta gobernua.

Bulego eraikina
Larrazak azaldu zuenez, urbanizazioaren %10eko aprobetxamenduaren truke udala bulego eraikina jasoko du. Hori hitzarmenean lotu nahi dutela azaldu zigun alkateak. “Eraikin handia da eta prestakuntzari begira zerbait egin nahi dugu. Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) hitz egin dugu. Eta Nafar Lansarerekin prestakuntzarako saioak hartzeko hitz eginen dugu”. Enpresa mintegi bat jartzearen inguruan Larrazak esan zuen SGArekin aztertu dutela eta Nafarroako Gobernuarekin ere hala eginen dutela. “Industrialde barruan 3.0 edo 4.0 prestakuntza egotea egoki ikusten dugu”. Jose Mari Aierdik gaineratu zuenez, zati bat mintegia litzateke.

Sarrera-irteerak
Inasa zenaren pabiloien artean dagoen kalea industrialdeko kalea bihurtuko da. Larrazak azaldu zigunez, etorkizunean kale hori trafikoa bideratzeko eta herri erditik zirkulazioa kentzeko erabiltzea nahi lukete. Horretarako, Izurdiagarako errepidearekin lotuko litzateke. Larrazak gaineratu zuenez, Irurtzungo Udalaren nahia litzateke noizbait kale hori Izurdiagako saihesbidearekin bat egin eta Iruñeko norabidean autobiarekin bat egitea.

Industrialde berriaren sarbideez galdetuta, Santestebanek Herri Lan Departamentuarekin bilera aurreikusia dagoela jakinarazi zigun: “Gasteiz eta Donostiarako autobiarako irteera erraz egin daiteke. Iruñerako beste kontu bat da”. Irteera horiek Arakilgo lurretan izanen lirateke eta izanen lukeen eragina aztertu beharko luketela nabarmendu zigun Santestebanek.

Datuak
145.000 m2 azalera.
100.000 m2 Inasarenak ziren.
45.000 m2 gehiago eskuratu dira guztia behar bezala egiteko.
100.000 m2 Irurtzunen daude.
45.000 m2 Arakilen daude.
90.000 m2 partzela
60.000 m2 partzela Irurtzunen
30.000 m2 partzela Arakilen

Epeak
2016 bukaera Hirigintza plana aurkezpena.
2017ko hasiera Eraisteak, premiazko azpiegituren egokitzapena eta kutsadura kentzeko prozedura hasi.
2018ko garagarrila Epekako urbanizazioa hasiko da. Eskaeraren araberako inbertsioak eginen dira.

Dagoeneko salgai
Industrialde berriko lantegietan interesa dutenek Nasuvinsara hots egin dezakete, 848 420 600 telefonora. Partzelaren metro karratuaren prezioa 60 eurokoa da bataz beste. Horri eraikitze egiturako partzelen metro karratuko 150 euro gehiago gehitu behar zaio. Premia zutelako, lau enpresa alokatuta daude eta haietako batzuk lanean ari dira.
 
7.000 m2
Nasuvinsak Altsasun dituenak. Jose Mari Aierdik aurreratu du Altsasuko Igartex lantegia zena urbanizatu eta lursailaren zati handiena Nafarroako enpresa bati saltzeko aukera dagoela. Inbertsiorako gobernuak zein diru-laguntza eman negoziazioaren zain daude.

 

Adierazpenak
Irurtzungo alkate Aitor Larraza Carreraren iritziz Inasaren itxierak “eskualdea nahiko pattal utzi zuen. Herritarrak nahiko gaizki eta hustuak sentiarazi zituen. Ez du lehengo egoera hori berritzen baina Arakilgo eta Irurtzungo udalek halako ekimen batekin saiatu industria jarduerara bideratzen du berriro ere”. Ekimena bi udalek elkarrekin bideratzea egoki jo zuten. Nasuvinsarekin batera jarraipen batzordean biak egotea eskatu zuten.

Inasa zena urbanizatzeko udalak eta Nasuvinsa hitzarmen bat negoziatzen ari dira. Jose Mari Aierdik  2018ko data aipatu duela gogorarazi zuen Larrazak. “Eskaeraren arabera lizentziak emanen ditugu”.
Sapak hala egin duela gogorarazi genionean Larrazak esan zuen: “honekin enpresari egonkortasuna ematen diozu eta aurrera begira jarri”.

Arakilgo alkate Goio Santesteban Nuñez Inasako langilea izan zen eta lantegia halako ikustean “inpresioa eta tristezia” sentitu zituen. “Baina animoekin departamentuak hura suspertu nahi duelako. Beste pentsaera bat. Pasatutakoa pasa da”. Departamentua suspertzean busti dela nabarmendu zuen Santestebanek. “Orain aukerak aztertu beharko dira. Gauzatzea kostako da”, baina horretarako lan eginen dutela gaineratu du.

Urbanizazioa egiten denean Arakilgo Udalak aprobetxamenduaren %10 jasoko du eta horretaz galdetuta alkateak esan zigun zenbat eta non jasoko duten jakiteko goizter dela. “Orain garatu dadila. Enpresarien kezken araberakoa izanen da hori”. Sapak lurrak eta pabiloiak hartu dituenez urbanizazioa hortik hasiko dela uste du alkateak. “Gero enpresak etor daitezela, etenik gabe. Eskaerari moldatu beharko da industrialdea”.

Manu Aierdik aurreratu du enpresekin aurretik lana egin dutela eta “eskaera pixka bat ziurtatuta” dutela. “Lehengo fase bat bideratzeko nahikoa eskaera badugu”. Sakanako Industrialdeen Inbentarioaren arabera 10 partzela eta 27 nabe hutsik daudela gogorarazi genion eta Aierdik udalekin eta elkarteekin egindako lan isila aldarrikatu zuen. Gaineratu zuenez, “batzuetan nabe zaharrek zailtasunak eta kostuak dituzte”. Hala ere, horrelakoetarako diru-laguntza deialdiak badaudela gogorarazi zuen. Eta gaineratu zuen: “Diru-laguntzek laguntzen dute, baina enpresariak erabakia hartzen badu, bere negozio plan edo eredua oinarriak dituela da, eta etorkizunari begira ziur dagoela. Hori da behar duguna: ekimenak, enpresariak, ekintzaileak. Lanpostuak sortzen eta mantentzen kriston gizarte-ekarpena egiten dute ”. Horregatik, gobernuaren atea zabalik izanen dute.

Jose Mari Aierdik azaldu zuen nabeak oso handiak direla, eta ez dela berdina izanen bat osoa edo zatiak saltzea. “Azpiegitura gehienak non jarri, ideia badugu (argindarra, gasa, ura). Sakanako Industrialdeen Inbentarioaren berri gogorarazi eta Nafarroako beste eskualdeetan gauza bera egiten ari direla, “industrialde berriak egin aurretik horiek merkatuan jartzeko”. Inasako eta Altsasuko lurretan interesa azaldu duten enpresak nafarrak direla azaldu digu, “batzuk orain Nafarroan lan egiten dute eta beste batzuk kanpoan daude eta hemen agentzia bat zabaldu nahi dute”.

Inasako enpresa batzordeko kidea zen Fernando Carrion lantegia itxi zutenean. Ostiralean berriro lantegian zegoen, oraingoan Irurtzungo zinegotzi delako. Hark esan zigunez, “ate bat itxi da, baina, agian, orain beste bat zabalduko da. Ez dakigu. Printzipioz albiste ona da”. 2013ko agorrilaren erdialdean majo egurtuta atera zituzten langileak Inasatik. Itxiera “traumatikoa” izanda ere, “bizitza horrela da eta aurrera joan beharra dago”.

Kaleratu zituzten 170 langileak ondoren ere antolatuta segitzen dute Baikap enpresa epaitegira eraman baitzuten. Alde batetik, kereila jarri zuten zuzendaritzak enpresa propio itxi zuelakoan. Bestetik, pentsioen osagarri gisa funts bat zuten langileak eta Baikapek hura beretako hartu du. Langileek epaitegian salatu dutela esan zigun Carrionek: “prozesu luzea izanen da eta ikusiko da nola bukatzen den”.