Landa eremuko neska-emakumeak

kolaboratzaileak

Joan zen asteburuan ospatu genuen Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan nator oraingoan. Urriaren 15a eta beste asko gehiago behar luke, landa eremuan bizi diren eta lan egiten duten emakume guztiei aitortza egiteko, ikustarazteko eta beren zeregina balioan jartzeko.

Egungo landa eremuko emakumeok, itxuraz, bederen, zerikusi gutxi dugu gure ahaideekin; zapia buruan, artilezko galtzerdiak eta zatak oinetan, idi-gurdi gainean orbelarekin, ortondoak besapean edota igitaia eskuetan ibiltzen ziren nekazari-abeltzainen argazki txuri-beltzetan ikusten diren legez.

Historian honantzago etorrita, ordungo emakumeen bizimoldeari eta lanari segida eman diotenak aldamenean ditugu eta hostoa erortzen hastearekin batera beren udazken-uztak erakutsi dizkigute, feritan, gazta-lehiaketetan, txistor egunean, onddo erakusketetan, artisautza-elikadura azoketan, artegintzan, laborantza foroan, formakuntza saioetan, eta abar.

Ez nituzke ahaztu nahi horien ondoan dauden landa eremuko gainontzeko emakumeak, “urbanitagoak eta neorrurralak”; beren ekarpenak beste batetarako utziko ditut.

Lurrari estuki lotutako bailara honetan, jasotako uzta eta sortutako produktu horiek  turismoarekin uztartzeko bidean dabiltza, egitasmo horietako asko emakumeen gidaritzapean. Lehen sektorean lan egiten duten ibarreko nekazari eta abeltzainen arrimura beste eginkizun osagarri batzuk berpizten ari dira, hala nola, ekoturismoa, landa-turismoa, nekazal-turismoa, turismo-produktuen sorkuntza, artisau lanak, eskulangintza, tokiko lehengaien transformazioa eta nekazaritza-abeltzantza elikadura.

Landa eremuan bizi diren emakumeak gure herrien garapen iraunkorra bermatzeko giltza dira. Horregatik, iraunkortasuna bermatu nahi bada, ezinbestekoa da eremu honetan bizi diren emakumeek nozitzen dituzten desberdinkeriei aurre egitea, baliabide eta onura sozial eta ekonomikoak erabiliz.

Landako emakumeak ikusgarri jarri eta dauden tokian daudela nozitzen dituzten aldeak edo “bretxak” murrizten joateko sostengua eskaini ezean, erraza izango da bertatik aldegitea. Euskal Herriko beste bazter batzuetan eman izan den moduan hemen ere emakume-exodoa eman daiteke, hiriguneetara lan bila eta bizitzera alde egitea.

Bailara honetako turismoa pizteko bidean jendartean “beldur-hotsak” sortzen ari diren arren, egitasmo horien dinamizazioan, elkarlanean, auzolanean, koordinazioan eta lidergoan dabiltzan emakume-eragile aktibo horiek guztiak ikustea pozgarria da.

Zailtasunak zailtasun eta zeharka-meharka bada ere, bisitariak erakartzeko ekimen publiko eta pribatuen antolatzaileentzako eskaini diren laguntzetan dagokizuen tokia izan dezazuen opa dizuet: zutik, arraio!!