UEMAko herrietan lau medikutik bat ez da euskaraz aritzeko gai

Guaixe 2016ko urr. 20a, 14:44

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) ordezkariek herrietako osasun-etxeetan euskararik ez dakiten mediku eta pediatren datuak eman dituzte:  “Guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. %25. Lautik bat, alegia. Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak: %22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko: %35

UEMAren lurgunea biztanleen %70a baino gehiago euskalduna da. Euskararen arnasguneak dira herri horiek, herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak. Hala ere, urte askoan eman du UEMAk herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten zailtasunen berri, eta aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak. Etxarri Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekide Eneka Maizek nabarmendu duenez, “2013an egin zuen honelako azken azterketa UEMAk, eta ordudanik osasun-etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du”.

Nafarroaren kasuan, gobernuak eskualdez eskualde kokatzen ditu sendagile euskaldunak. Hori dela-eta, bizilagunak kexu dira, horrek ez duelako bermatzen beraien haurrek eta familiakoek sendagile euskalduna izatea. Horri gehitu behar zaio Nafarroako gobernuak 100 lanpostu berri inguru atera dituela lehiaketa publikora, eta haietatik hamabi soilik direla hizkuntza eskakizuna dutenak. Nafarroan, gainera, bereziki arazoa dute emakumeen arretarako zentroetan, emaginekin eta ginekologoekin. Zentro horietan ez dira inolaz ere errespetatzen herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak, eta behin baino gehiagotan eskaera zehatzak egin badira ere, ez da aurrerapausorik eman.