Sakanako Laborantza Foroan bio-ongarriez

Guaixe 2016ko aza. 3a, 10:00

Ostegunean, 18:00etan, Arbizuko industrialdeko Utzugane zentroan.

Sakanako Garapen Agentziak sustatuta sortu da  Sakanako Laborantza Foroa. Ibarreko lehen sektorearen topagunea izan nahi du. Gainera, beste eskualdeetako esperientziak ezagutzeko aukera eman nahi du. Aurreneko bilkura, lastailaren 13an, Ipar Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartearen, Idokiren, lan egiteko modua ezagutu zuten zortzi sakandarrek.

Sakanako Laborantza Foroaren bigarren deialdia bio-ongarrien inguruan aritzeko izanen da. Ximaurpila elkarteko kideak ongarri mota hori gaur egungo nekazaritza ereduaren etorkizuna ote den argitzen saiatuko dira. Ximaurpila elkarteak kudeaketa sistema integral agro-ekologikoen garapena sustatzen du. Horretarako, lurraren emankortasunaren berreskurapenean oinarritzen dira. Elikagai osasuntsuen ekoizpena eta pertsonen garapena ere helburu dituzte. Horregatik, gertutasun geografiko, sozial eta elkartasunezko ekonomia ereduen alde egiten du, zeinetan pertsonak, ingurumena eta garapen jasangarria kontutan hartzen diren. Lehen sektorekoak eta herritar guztiak arlo horietan ahalduntzeko lana egiten du ere. Horregatik, Sakanako Garapen agentziatik lehen sektorean aritzen diren sakandarrak osteguneko hitzordura gonbidatu ditu.