Lagun Arteak hiru puntu ekarri zituen Lizarratik; Etxarrik, aldiz, ez zuen punturik bildu Iruñean

Guaixe 2016ko urr. 31a, 15:43

Lagun Artearen hamaikako bat.

Preferente maila. 7. jardunaldia: San Andres 1 – Lagun Artea 4 / Lezkairu 2 – Etxarri Aranatz

Lagun Arteak San Andresen kontra jokatu zuen Lizarran. San Andresekoak ez ziren batere fin ibili eta taldeak egindako akatsak bikain aprobetxatu zituen Lagun Arteak, gol festa ederra ospatzeko. Aipatzekoa da San Andresek sortu zituela partidako lehendabiziko gol aukerak. Aldeko penaltia ere izan zuen Lizarrako taldeak, baina ez zuten lakuntzarren atea zulatu. Lagun Artea, bere aldetik, lanean hasi zen eta atsedenaldira bi goleko errentarekin joan ziren lakuntzarrak. Bigarren zatian San Andresek akatsak egiten jarraitu zuen eta Lagun Arteak beste bi gol sartu zituen. Bukaeran iritsi zen lizarratarren gola. 4 eta 1 irabazita bueltatu ziren lakuntzarrak.

Iruñean, aldiz, 2 eta 0 irabazi zion Lezkairuk Etxarriri. Lehen zatian ez zen golik egon eta baloi luzeen peleia izan zen nabarmenena. Bigarren zatiko 50. Minutuan Osinaldek Lezkairuren aldeko gola sartu zuen. Etxarri saiatu zen, erasora atera zen, eta defentsa nahiko eskasa zegoen une bat aprobetxatu zuen Lezkairuk bigarren gola sartzeko. Horrela despeditu zen lehia.

Bidezarra da preferente mailako lehen multzoko liderra (17 puntu). Bigarren postura igo da Lagun Artea (13 puntu). Etxarri Aranatz 13.a da (8 puntu). Asteburuan Lagun Arteak Lezkairu izango du aurkari Zelai Berrin eta Etxarri Aranatzek Mutilbera hartuko du San Donato zelaian.