Juangok eta Aramendiak 2017an talde berdean jarraituko dute

Guaixe 2016ko aza. 3a, 11:55
Hodei Juango.

Rural Kutxa-Seguros RGA talde afizionatuan 2017 denboraldia prestatzen dabiltza buru-belarri

Rural Kutxa-Seguros RGA amateur edo afizionatuen taldeak ia guztia prest dauka 2017 denboraldirako. Euren web gunean azaldu dutenez, 2017ko taldean 24 txirrindulari arituko dira eta talde oso gaztea izango da. Aipatzekoa da soilik bakarrak duela elite maila, gainontzeko guztiak 23 urtez azpikoak baitira. Tartean jubenil mailetatik etorritako 7 txirrindulariei egin diete harrera, baina Burundatik ez da txirrindularirik igo.

Txirrindulari gazteak
2016 denboralditik 10 txirrindularik jarraituko dute taldean: Pablo Benito, Ander Alonso, Iker Azkarate, Pablo Alonso, Carlos Cobos, Xabier Cañellas, Aitor Rodriguez, Mauricio Moreira, Odei Juango lakuntzarra eta Eneko Aramendia iturmendiarra. Azkarate, egungo Euskadiko txapelduna, izango da taldeko elite mailako txirrindulari bakarra.

Aipatutakoei beste 14 txirrindulari berri gehituko zaizkie: Alvaro Cuadros, Jaume Sureda, Sergio Martin, Javier Fuentes, Edwin Torres, David Martin, Abel Gebrehiwet eta ondoko juniorrak: Arturo Gravalos, Pol Hervas, Alejandro Caro, Franklin Chacon, Alex Burdoy, German Castell eta Szymon Tracz. Aipatzekoa da aurten Burunda Txirrindularitza Klubetik ez dela txirrindularirik igo Rural Kutxara.

Azkaraterekin batera Cañellas, Moreira, Alonso, Benito, Rodriguez, Cuadros, Sureda, Martín, Fuentes eta Torres emaitza onak lortzetik datoz eta taldean ezinbestekoak izango dira. Bestetik, estatuko talde ezberdinetatik etorritako juniorrak ere denboraldi bikaina osatzetik datoz.

Mazkiaranen aginduetara
Alberto Mazkiaran zuzendari altsasuarrak jarraituko du, 2017an, amateurren Rural Kutxa-Seguros RGA taldea gidatzen. Talde berri eta ilusionatua izango du bere aginduetara. Mazkiaranek aipatu digunez, plantilla ez dago guztiz itxita, bi txirrindulariren erantzun zain daude. “Taldea horrela geratu daiteke, bat gehiagorekin edo bi gehiagorekin, baina beti ere bi txirrindulari hauetaz ari gara, ez beste inortaz”.

Rural Kutxa-Seguros RGA 2017
Jarraitzen dute: Ander Alonso (1995, Gipuzkoa), Pablo Alonso (1997, Cantabria), Eneko Aramendia (1997, Iturmendi), Iker Azkarate (1994, Gipuzkoa), Pablo Benito (1997, León), Xavier Cañellas (1997, Balear Irlak), Carlos Cobos (1995, Badajoz), Odei Juango (1995, Lakuntza), Mauricio Moreira (1995, Uruguay) eta Aitor Rodríguez (1997, Araba).
Fitxaketa berriak: Álex Burdoy (1998, Bartzelona), Alejandro Caro (1998, Araba), Germán Castell (1998, Zaragoza), Franklin Chacón (1998, Venezuela), Álvaro Cuadros (1995, Granada – RH Polartec), Javier Fuentes (1997, Valentzia – ULB Sports), Abel Gebrehiwet (1995, Eritrea – Marco Polo), Arturo Grávalos (1998, Zaragoza), Pol Hervás (1998, Bartzelona), David Martín (1997, Avila – EC Cartucho.es), Sergio Martín (1996, Madril – Bicicletas Rodríguez), Jaume Sureda (1996, Balear Irlak – Seguros Bilbao), Edwin Torres (1997, Venezuela – EC Cartucho.es) eta Szymon Tracz (1998, Polonia).