Heziketa familian

Sakanako Prebentzio Zerbitzuak 2016ko aza. 4a, 08:07

kolaboratzaileak

Udazkenarekin batera gure seme alabak ikasturte berrian hasi dira. Gurasook, berriz, lanari ekin  diogu; batzuk etxean, beste batzuk kalean eta askok etxean zein kalean. Egoera honek estresa sortzen digu askotan, denetara ailegatu nahian eta ezinean.  Horrek gure seme-alaben heziketan eragin handia dauka ez baita nahikoa beraien ondoan egotea, beraiei kalitatezko denbora eskaini beharra baitago.

Eta zer esan nahi du kalitatezkoa izatea? Beraiekin gaudenean, benetan beraiekin egotea, eta ez beste mila gauza egiten. Beraien kezkaz, pozak… kontatzen dizkigutenean benetan entzuten diegula sentitzea. Gure aholku bat behar dutenean, lasai asko eskatu dezaketela. Honek ez du esan nahi beti prest eta beraien beharretara egon behar dugunik, gure bizitza propioa ere badugulako, baina momentu batzuk beraiekin konpartitzeko izan behar ditugula kontutan izan behar dugu.

Gurasoak hezitzaileak gara, eta ahal dugun hobekien egiten ditugu gauzak, zalantzarik gabe. Baina heziketa lan honetan batzuetan galduak sentitzen gara horrek ta mila inseguritate sortzen dizkigu. Limiteak bai, beharrezkoak dira, baina noiz; arauak beharrezkoak dira, baina betetzen ez direnean… zer egin. Komunikazioa garrantzitsua da  familian, zalantzarik gabe, baina batzuetan gure seme-alabak ia ez ditugu ikusten eta euren momentu asko galtzen ditugu.

Nerabeak dituzten familien kasuan, berriz, beste behar batzuk gehitzen dira: seme-alaben lehenengo irteerak, bueltatzeko ordutegia adostu, lehenengo kontsumoei aurre egin eta esku hartu…
Askotan gurasoek diote ez direla gai sentitzen egoera guzti hauen aurrean erabaki egokiak hartzeko. Badira urteak Gizarte Zerbitzuetatik gurasoendako topaketak antolatzen ditugula, kontziente garelako gaurko familiek formakuntza eta aholkularitza beharrak dituztela.

Batzuetan gai konkretuak jorratzen dira eta besteetan guraso eskolak egiten dira.  Azken hauetan, gurasoek euren kezkak, beldurrak, arazoak eta beste aipatzen dituzte eta profesional baten laguntzarekin orientazioa jasotzen dute.

Oso garrantzitsuak ikusten ditugu gurasoen arteko topaketak bulkatzea, elkarri laguntzeko guneak direlako eta askotan berdinen arteko formakuntzak asko laguntzen baikaitu. Batez ere, aukera paregabea ematen digulako gure egoera berean dauden beste gurasoekin gure kezkak konpartitzeko.

Esandakoak esanda, Sakanako guraso zareten guztiak animatzen zaituztegu zuen herrietan antolatzen diren topaketetan parte hartzea, familien inguruko sareak indartu eta bulkatzeko.