Goikoetxea eta Salazar Nafarroako Museoan

Guaixe 2016ko aza. 3a, 17:47

Erakusketarekin emakumezko sortzaileek artean duten ikusgarritasun eskasa nabarmendu eta joera aldarazi nahi du.

Gogoeta, inflexioa. Emakumeen presentzia Nafarroako museoan. Izenburu hori du Nafarroako Museoak bere funtsekin osatutako erakusketa. 13 emakumeren obrek osatzen dute erakusketa, haien artean Asun Goikoetxea bakaikuarra eta Dora Salazar altsasuarra daude. Erakusketa horren bitartez museoak bere buruari egindako genero instituzio eta ondare azterketaren emaitza publiko egin du: emakumeen presentzia eskasa. Gogoeta horretatik abiatuta jarrera aldaketa baterako abiapuntua izan nahi du egun ikusgai dagoen erakusketa. Obrekin batera, dokumentazio, topaketa eta iritzi gune bat ere jarri dute. Gainera, dokumental batekin osatu da. Otsailaren 5era arte izanen da ikusgai.

Museoa eta generoa
Nafarroako Museoaren bilduma iraunkorrean ez da emakumeek sortutako obra bakar bat ere erakusten. Biltegian dauden obren artean soilik 45 dira emakumezkoenak eta 400dik gora gizonezkoenak. 1990Tik 2014ra emakumezkoen 19 erakusketa izan dira eta gizonezkoen 102. Aldi berean egin diren 44 erakusketa kolektiboetatik 37etan emakumeren bat zegoen. Hala ere, erakusketa kolektiboetan 800 gizonezkoren lanak ikusgai zeuden bitartean 314 ziren emakumezkoenak.

Emakumezkoak dira kultura gehien kontsumitzen dutenak, baina kultura sortzaile edo ekoizle gisa ez daude. Pinturan, artisten %25 besterik ez du lortzen erakusketetan parte hartzea, nahiz eta Arte Ederretako ikasleen erdia baino gehiago izan. Emakumezkoen lanek aitortza eskasagoa lortzeaz aparte merkeagoa saltzen dira. Zenbait salbuespenez aparte ez dira arte historiaren liburutan azaltzen.