Lastailaren 28an 80 urte bete ziren Silverio Astiz Lakuntza, Uharte Arakilgo alkatea eta haren semea, Silverio Astiz Ezkurdia, Iruñeko kartzelatik atera eta kolpe frankista eman zutenek hil zituztela. Haren izaera politiko eta herriarekiko izan zuen gardentasuna errotik desagerrarazi zituzten. Victor Martirena Alegriaren kasuan beste data batean izan zen. Aurretik egindako epaiketarik gabe erail zituzten hiru Uhartearrak Ibero herriko Zurbao dermioan. Zortzi hamarkada beranduago Aranzadi elkarteak egindako indusketa lanei esker, haien gorpuak berreskuratzeko lanetan ari dira. Victor Martirena Alegriaren hezurdura identifikatzea lortu dute eta DNA proben emaitzen zain daude Astiz aita-semearen gorpuak identifikatzeko.
“Iberoko Zurbaoko lurrak mugitzen hasi ziren heinean uhartearron kontzientzia mugituz joan zen”, horrelaxe azaldu zuen Txomin Uhartek, 80 urte memoria galtzen taldeko kideak. Urte oso bateko lana egin dute herrian frankismoak utzi zituen zauri horiek ezagutu eta ahaztu ez daitezen. Hainbat ekimen egin dituzte ilbeltzetik hasita, hitzaldiak, zine forumak, informazioa jaso. Egindako lan guztiaren emaitza omenaldi eta ekitaldi xume baten bidez erakutsi nahi zuten herrian eta hala egin zuten larunbatean.
Dozenaka uhartear gerturatu ziren Herriko seme-alabak berriki izendatutako plaza berrira. Miren Ustarrozek, Castillo Suarezek eta Iker Uribek forma berria eman diote plazari. Ustarroz Uharteko eskultorea oroigarriaren egilea izan da, Castillo Suarez idazleak Silverio Astiz Ezkurdiaren testuetan oinarritutako hitzak islatu ditu eta Iker Uribek plaza zeharkatzen duen murala egin du.
Esanak
Lehen hitza Txomin Uhartek, 80 urte memoria galtzeneko kideak izan zuen. “Egia eta erreparazioa lortzeko lehen pauso bat izatea nahi dugu, gure memoria kolektiboa eraikitzeko”, adierazi zuen Uharteko omenaldiari erreferentzia eginez. Aldi berean, Aranzadi elkartea, instituzioak, Uharteko Udala eta herritarren auzolana eskertu nahi izan zuten. Ondotik, Jose Luis Mendoza kontseilariak hitz egin zuen. Nafarroako Gobernuak memoriaren berreskurapenarekiko daukan konpromisoa gogorarazi zuen eta alderdi guztiek gai honekiko duten adostasuna nabarmendu nahi izan zuen.
Ainara Aiestaran, Uharteko alkateak segida eman zion omenaldiari. Herriko seme-alabak plaza berriaren esanahiaren garrantzia azpimarratu zuen. Eraildako familiei oroigarri berezia banatu zien, bertan lekuko zen Pilar Astiz, bere aita eta anaia izan ziren hil zituztenak 36ko gerran. Hermogenes Goñi Martirenak jaso zuen beste oroigarria, Victor Martirena senideen izenean. Oso hunkituta eta eskertuta agertu ziren omendutako senideak.
Musikaren doinua, Lur Larraza eta Luisillo Kalandrakak jarri zuten, Barricada taldearen Petalo abestiarekin eta Berri Txarraken Maravillas kantuarekin. Horretaz aparte, gaitariak eta txistulariak izan ziren Agur Jaunak jotzen. Aurresku eta lore eskaintza batekin eman zioten akabera omenaldiari.
80 urte memoria galtzen
80 urte memoria taldea ilbeltzean hasi zen Iberoko Zurbao lurrak mugitzen hasi zirenean. Uharteko herritar talde bat gai horren inguruan lanean hasi egin zen informazio gehiago jakiteko asmoz eta baita omenaldi bat egiteko helburuarekin. Azken urte honetan, familiako jendearekin hitz egin, hitzaldiak eman, dokumentazio lana, herrian kontzientzia eta sentsibilizazio lan handia egin dute, zine forumak. Oso pozik agertu dira taldean orain arte egindako guztiarekin eta lanean aurrera jarraitzeko asmoa dute. Omenaldi hau lehen pausotzat jo dute horrelako zerbait inoiz gehiago gerta ez dadin.
Oroigarria
Miren Ustarroz, Castillo Suarez, eta Iker Uribe izan dira Herriko seme-alabak plaza berriaren egileak. Beraiekin batera uhartearrak elkarlanean aritu dira hainbat auzolanetan mustutze eguna arte. Aurretik zegoen espazioa kontuan hartuz, birmoldaketa bat egin zuten. Modu berezian bildu nahi izan zituzten Uharten eraildako hiru pertsonen memoria, horretarako, Castillo Suarezek egindako hiru testu islatu dituzte borobil formako eskulturan. Ur puntu bat dago erdian, urak bizitza eta elkarbizitza adierazi nahi du. Herritar asko errepresaliatuak izan ziren herrian eta horiek zutarri bertikal batzuen bidez irudikatu nahi izan dira. Zutarri horiek pertsonen itzalaren bidez, lekua, denbora eta memoria erakutsi nahi dute.
Castillo Suarezek Silverio Astizek idatzitako testuak oinarri hartu ditu olerkia egiteko. Duintasun handiko pertsona zen Silverio Astiz Lakuntza, Uharteko alkate ohia, eta izpiritu hori jasotzen saiatu da. Justiziaren zentzua oso barneratuta zeukan, oso pertsona interesgarria izan zen, eta hori dena biltzea zuen helburu. Hiru testuetan banatu da olerkia, xafla indibidualetan kokatuta. Iraganean oinarritutako testua da, etorkizunari begira egina dagoena.
Irribarre egiteko
Ahaztu genezake.
Malkoak xukatu eta isilik jarraitu.
Lainoak hartutako txori errari bat bezala bizi,
gure iraganaren geografia egin gabe.
Oroitzeko ahaleginik egin gabe egon gintezke,
gure oinen azpian datzan egia bilatu gabe,
gaueko tximeleta baten gisan,
iluntasunari eutsiz,
akorduari izen-abizenik jarri gabe.
Baina ez dugu nahi.
Denak gogoan izateko garaia da.
Inorenak izan ez diren haiek ere gure izateko.
Gordean edukitako mina esateko.
Galdutako aldiak berreskuratzeko.
Irribarre egiteko.
Erakundeen babesa
Nafarroako Gobernu eta parlamentuaren presentzia zabala izan zuen Uharte Arakilgo omenaldiak. Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko lehendakaria, Iñaki Iriarte UPN alderdiko parlamentaria, Asun Fernandez de Garaialde EH Bilduko parlamentaria izan ziren besteak beste. Aldi berean ere, Iruñeko Udaleko zinegotziak izan ziren baita Sakanako alkateak ere. Uharteko Udala urte honetan zehar elkarlanean aritu da omenaldia aurrera eramateko.