Biomasa, energia autohornikuntzarako proposamena

Guaixe 2016ko aza. 4a, 08:37

Udalek biomasa bideragarritasun analisiak jaso dituzte eta berokuntza egurrarekin egiteko gonbidapena jaso dute.

Sakanako Garapen Agentziak (SGA) biomasa jardunaldia antolatu zuen atzo. SGAk ibarreko bertako egurrak energia baliabide gisa duen balioa nabarmendu zuen. Eta jardunaldia hartzeko toki egokia aukeratu zuen: Arakilgo udaletxea. Arakilgo Udalak joan den urte bukaeran gasifikazio egur galdara jarri zuen. Orduz geroztik Arakilgo basoetako egurrarekin berotzen dute eraikina.

SGAko energia eta industria arduradun Aintzane Iriberri Berrostegietak azaldu digunez, jardunaldiaren helburua zen “gure baliabideek duten ahalmenaz sentsibilizatzea. Eta pausoak emateko aholkuak eskaintzea”. Udalek gaiaren inguruko informaziorik ez zutela sumatuta antolatu zuten jardunaldia, eta adibideen bidez “funtzionatzen duela” erakutsi nahi izan zuten. Arakilgo udaletxearen adibidera joz, Iriberrik azaldu digunez, “izan duten arazo handiena udalaren plangintzan egurra moztea, kudeatzea, eta galdara egurrez elikatzea izan da”. Hori plangintzan sartuta normal funtzionatzen duela ikusi zuten jardunaldian izan zirenek.

Bideragarritasun analisia
Atzoko jardunaldian izan ziren udal ordezkari guztiak euren udalerriko biomasa bideragarritasun analisiarekin bueltatu ziren etxera. SGAk egindako analisi horretan herri bakoitzaren baso plana kontuan hartuta, energia potentziala zein den zehaztu dute. Egon litezkeen egur tonen arabera kalkuluak egin dituzte. Horretaz aparte, herri bakoitzeko udal eraikinetan dauden berokuntzarako galdara motak zerrendatu eta zein erregai erabiltzen duten zerrendatu dute. Horiek kontuan izanik egin dituzte biomasa bideragarritasun analisiak, ibarreko energia planaren barruan kokatzen direnak.

Iriberrik azaldu digunez, Sakanan “potentziala oso handia da”. Horregatik, udalei euren burua erregaiz auto-hornitzeko proposamena egin diete, hau da, berokuntza sistemetan egurra erabil dezatela. “Sakanan arazo handiena da gasa eta gasolioa ordaindu behar direla. Erregaia, egurra, zurea bada merkeago aterako zaizu eta gutxiago kutsatuko duzu. Arakilgo udaletxeko aurreko galdarak D energia ziurtagiria zuen eta berriak A du. Horrela, berotegi efektuaren kontra ere egiten da”.

Biomasaren aprobetxamenduarekin hasteko, eta Arakilgo Udalaren ereduari segituz, SGAk epe motzera jarduera errazak, “aurrekontu txikikoak” proposatu dizkie udalei. Baina beti “energia burujabetza” helburu dutenak. Iriberrik azaldu digunez, “ez gara eraikuntzen berrikuntzan sartzen. Egurrarekin edo ezpalekin dabiltzan galdara jartzea proposatu dugu. Oso ongi funtzionatzen dute eta zure egurra, zure baliabideak erabiltzeko aukera ematen dute”.

Adibideak
Jardunaldian Arakilgo udaletxearen adibideaz aparte, Berako Udalarena ezagutu zuten. Ultzaman bezala, berokuntza galdara bakar baten bidez bero sarea sortu eta bizpahiru udal eraikin berotzen dituzte. Udalek atzo jasotako analisian bero sareak sortzeko aukera jasotzen da, Arbizun eta Altsasun, esaterako, halako sareak sortzeko aukera legokeela esan digu Iriberrik. Ibarreko bi enpresek, Lur Geroak eta Orleghy Renovablesek, egurraren potentzialtasunari eta galdara ereduei buruzko azalpenak eman zituzten.