Sakandarrak Euskal Kantun

Guaixe 2016ko aza. 4a, 11:43

Hainbat urtez antolatu gabe egon ondoren Euskal Kantu Txapelketa bueltan da. Helduen artean euskarazko kantu-zaletasuna sustatzea helburua duten jardunaldiak dira antolatutakoak. 13 bakarlarik eta bikotek eman dute izena itzulerakoan. Eta tartean sakandarrak daude. Euskal Kanturen lehen jardunaldia bihar izanen da, Antsoainen. 18:00etatik aurrera dozena erdi emanaldiz gozatzeko aukera izanen da. Haietako bat Ainhoa eta Itsasne Mundiñano ahizpek eskainiko dute. Oholtzan biolin, akordeoia eta gitarra doinuen laguntza izanen dute Anje Duhalderen Isilean kanta abesteko.

Bigarren saioa, Burlatan izanen da, irailaren 13an, 18:00etan. Sakanako ordezkaritza bikoitza igoko da oholtzara. Lehenik, Ariane eta Munia lakuntzarrak izanen dira, pianoz eta gitarraz lagunduta Ken Zazpiren Haizea kantatuko dutenak. Ondoren, Josune Razkin eta Andoni Gastaminza uhartearrak Anje Duhalderen Eperrak eta Zazpiak oihal batetik herri kanta abestuko dituzte, akordeoiaren eta panderoaren laguntzaz. Bi saioetako musikari guztiak azaroaren 27an Tafallan elkartuko dira eta kantu bana eskainiko dute.