Sakanako Gida, etxeratzen

Guaixe 2016ko aza. 4a, 13:54

Aste honetan hasi eta hurrengo bietan Sakanako Gidaren ale bana ibarreko buzoi guztietara iritsiko da. Ibarreko zerbitzu eta establezimenduen berri jasotzen du, baita sarean ere.

Hirugarren urtez Sakanako zerbitzuen eta establezimenduen berri ematen duen gida argitaratu du Guaixe fundazioak. Sakanako Gidaren 8.500 aleak ibarreko etxe guztietan eta han agertzen diren bezeroen egoitzetara ere banatzen hasi dira aste honetan. Erabiltzaileek, ohi denez, Sakanako dendei, zerbitzuei, enpresei eta autonomoei buruzko informazio osatua eta eguneratua opatuko du. Informazio praktikoa, eguneroko bizitzan baliagarria suerta daitekeena.

Sakanako Gida, bestalde, ibarrean dugun zerbitzu eskaintza zabalaren eta ugariaren berri emateko modua bada ere. Establezimendu asko eta askoren artean ehuntzen da Sakanako ekonomia sarea. Bertan erosiz ibarra egin, lanpostuak mantentzen lagundu eta Sakana bizi baten alde egiten da. Merkataritza sare osasuntsurik gabe herri bizirik ez baitago.

Hori ez da Guaixe fundazioak Sakanako ekonomia ehunari bultzada emateko egiten duen ekimen bakarra. BeleixeGuaixe txartelak aurten lau urte bete ditu. Fundazioaren babesle diren 1.500 sakandarrek ibarreko 90 bat establezimendutan abantailak dituzte urte guztian. Haiek baliatzeaz aparte, Sakanako euskarazko hedabideen alde egiten dute txartela eskuratzeko ekarpenarekin.  

Interneten
Hurrengo bi astetan Sakanako Gidaren paperezko bertsioa buzoian jasoko dugu sakandarrok. Baina informazio hori, uneoro, Interneten ere eskuragarri dago. Beraz, Sakanako establezimenduen berri izan nahi edo haiekin harremanetan jartzeko modua nahi duenak, telefono mugikor, ordenagailu edo tableten bidez ere kontsulta dezake. Bai batean bai bestean gida sailka eta azpisailka antolatuta dago, bilaketa errazte aldera. Interneteko bertsioaren kasuan, establezimendu bakoitzak bere orria du eta han helbidea, telefonoa, e-posta eta haren web orriaren berri dago. Mapa batean haren kokapenaren berri ematen da ere.

Harremanetarako
Sakanako Gidaren hurrengo edizioan edo hemen sartu nahi dutenek 948 564 275 telefonora hots egin edo publi@guaixe.eus edo publizitatea@guaixe.eus e-posta helbideetara idatz dezakete.