Lagun Arteak berdindu eta Etxarrik galdu

Guaixe 2016ko aza. 7a, 11:09

Lagun Artea.

Preferente maila. 8. jardunaldia: Lagun Artea 0 – Lezkairu 0 / Etxarri Aranatz 1 – Mutilbera 3

Jardunaldi nahiko kaxkarra izan da asteburukoa preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Lagun Arteak etxean jokatu zuen, Lakuntzan, Lezkairuren kontra. Irabaztea merezi izan zuten lakuntzarrek, jokaldi gehiago sortu eta aukera gehiago izan zituztelako, baina errematatzerakoan txuriek ez zuten asmatu. Aldiz, Lezkairuren asmoa ongi defendatzea izan zen, eta lortu zuen, bere markagailua zerora mantendu baitzuen.

Lehen zatian gol aukera ikusgarria alperrik galdu zuen Laguneko Davilak, Lezkairuren atean bakarrik geratu eta gero, baina ez zuen baloia atean sartu. Bigarren zatiko bukaeran, Laguneko Arbeloaren jaurtiketa ateko marratik atera zuen Lezkairuko defentsa batek. Eta 82. minutuan gola sartu zuen Lagunek, baina linierrak jokoz kanpoko jokaldia izan zela adierazi eta gola bertan behera utzi zuen, baloia ikutu ez zutela zioten jokalari lakuntzarren protestei jaramonik egin gabe. Horrela, puntu banaketarekin bukatu zen lehia, Lagun Arteak irabaztea merezi izan zuena.

Etxarri Aranazko jardunaldia okerragoa izan zen oraindik, etxarriarrak punturik bildu gabe geratu zirelako. Lehen zatian Etxarrik dominatu zuen eta gol aukera asko izan zituen, baina baloia ez zen kontrako atean sartu. Aldiz, Caballerok, pase luze bat ederki aprobetxatuta, Mutilbera aurreratu zuen. Lehen zatiko erdialdean Etxarri jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, arbitroak Garat aldageletara bidali baitzuen. Horrek partida baldintzatu zuen, baina, hala ere, Xabatek berdintzea lortu zuen 62. minutuan. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, bi kontraerasotan bi gol sartu zituen Mutilberako Javierrek, partidari buelta emanez. Eta horrela despeditu zen partida Etxarrirendako, hiru puntuak hegan joan eta gero.

Bidezarra da preferente mailako liderra (17 puntu). Lagun Artea laugarren postura jaitsi da (14 puntu) eta Etxarri Aranatz 14. postura (8 puntu). Asteburuan Etxarri irabaztetik dagorren Mutilberaren kontra jokatuko du Lagun Arteak, Mutiloabeitin, eta Beti Casedano izango du aurkari Etxarrik, Casedan.