Pala hartu eta frontoira!

Guaixe 2016ko aza. 9a, 13:04

Aurreko urteko edizioan aritu ziren palista batzuk.

Emakumeen XI. Gure Pilota Sakanako Pala Torneoa jokatuko da abendutik aurrera. Izena ematea zabalik dago

Sakanako Mankomunitateak, Nafarroako Pilota Federazioak eta Gure Pilota taldeak, Arbizu eta Etxarri Aranazko Udalen laguntzarekin, Emakumeen XI. Gure Pilota Sakanako Pala Torneoa antolatu dute. Urteko egutegian txoko polita egin du emakumeen Sakanako torneo honek, geroz eta ezagunagoa da, eta bertan aritzeko deia egin die Mank-ek Sakanako emakumeei. Ondoko mailetan jokatuko da: gaztetxoak, helduen 1. maila eta helduen 2. maila. Helburua emakumezkoen pala txapelketa indartsua antolatzea da, goi mailakoa, eta aldi berean, palista txikiekin egiten den lana agerian jartzea.

Txapelketa abenduan hasiko da eta Etxarri Aranazko eta Arbizuko frontoietan jokatuko da, ostiral eta larunbat arratsaldetan eta igande goizetan. Antolatzaileek sari ederrak egongo direla iragarri dute.

Aurreko urtean puntako 12 bikote lehiatu ziren eta eliteen mailan Garmendiak eta Ruiz de Larramendik jantzi zuten txapela.

Izena emateko
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzua (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus).