Pedro Iparragirre eta Tomas Martinezi merezitako omenaldia

Guaixe 2016ko aza. 10a, 11:33

Beraiekin txirrindularitzan trebatu ziren ikasleek omenaldi beroa egin zieten irakasleei larunbatean Urdiainen

Burunda Txirrindularitza Klubarekin lanean makina bat urte daramatzate Pedro Iparragirre eta Tomas Martinez altsasuarrek. “30 urtetik gora daramatzate txirrindulariak trebatzen, entrenatzen, lasterketetara joaten, laguntzen… inolako soldatarik jaso gabe, borondate guztiarekin. Beraiekin trebatu ginenak pentsatu genuen oraindik lanean jarraitzen duten honetan eskerrak eman nahi genizkiela eta omenalditxo bat antolatzea pentsatu genuen” adierazi digu Iñigo Etxeberria urdiaindarrak. “Benignorena gertatu ondoren, argi gelditu zitzaigun ahal izanez gero omenaldiak pertsonak bizirik daudenean egin behar direla eta hori egiten saiatu gara Iparragirrerekin eta Martinezekin” gaineratu du Etxeberriak.

Pentsatu eta egin. Iparragirreren eta Martinezen emazteekin hitz egin zuten, sorpresa gordetzeko eskaria eginez eta larunbatean afaria antolatu zuten Urdiaingo Aitziber elkartean. Bi entrenatzaileekin txirrindularitzan trebatutako txirrindulariekin harremanetan jarri eta, guztira, 82 pertsona bildu ziren afaltzera larunbatean Urdiainen. “1964 urteetan jaiotakoetatik 2001 urtean jaiotakoak arte, adin eta kinta ezberdineko txirrindulariak bildu ginen, beteranoak eta gazteak, denok bat. Izan ere, guk ez genuen omenaldi instituzionalik antolatu nahi, besterik gabe euren eskuetatik pasatu ginen txirrindulariek eskerrak eman nahi genizkien Iparragirreri eta Martinezi, eurek gurekin egindakoa eskertzeko” gaineratu du Etxeberriak. Txapel eta erloju bana oparitu zieten eta omenaldia oso polita izan zela nabarmendu du Etxeberriak. “Ez zekiten omenaldia jasoko zutenik eta oso hunkigarria izan zen”.