Etzi 52. Behobia-Donostia

Guaixe 2016ko aza. 11a, 12:11

Igandean jokatuko da Behobia-Donostia lasterketa ezaguna. Makina bat sakandar lehiatuko dira bertan

Martxan da atzerakontua. Igandean jokatuko da 52. Behobia-Donostia lasterketa ezagun eta prestigiotsua (20Km), “Mugak hautsiz, bidea egin” lelopean. 31.276 korrikalarik eman dute izena, aurreko urtean baino ia 3.000 gutxiago, iaz 34.000 pertsonek eman baitzuten izena. Nolanahi ere, ikusmina handia da, Behobia-Donostia Euskal Herriko lasterketarik handiena baita, baina, aldi berean, proba herrikoia izaten jarraitzen du. Bertan puntako korrikalariak eta korrikalari herrikoiak lehiatuko dira, bi herriak lotzea helburu.

Ibilbidean lasterketa jarraitzeko pantaila erraldoiak egonen dira eta, jakina, ibilbide guztian barna osasun-zerbitzu zabala egonen da lanean, gerta daitezkeen ezbeharrak atenditzeko. Sari ematea Boulevardeko kioskoan eginen da. Aurreko urtean beroa izan zen protagonista –450 korrikalari artatu behar izan zituzten eta, tartean, Jose Javier Sueskun nafarrak bizia galdu zuen–, baina aurten iganderako gehienez 13 grado iragarri dituzte, tarteka euria, eta beroak sortzen dituen arazoak, hidratazio falta eta beste, ez dituzte jasan beharko.

2015ean 85 sakandar, aurten?
Aurreko urteko edizioan 85 sakandarrek osatu zuten Behobia-Donostia ibilbidea. Aurten ere asko izanen dira igandean irteera hartuko dutenak.

Ordutegia
Larunbatean
15:00etan: Behobia Txikia (Anoetako miniestadioan). 3.100 korrikalari.

Igandean
9:30ean: Handbikeak eta gurpildun aulkiak. 55 partaide (ikusmen arazoak dituztenei laguntzen 17 korrikalari gehiago).
9:35ean: Irristalariak. 214 irristalari.
9:30ean: Gazte lasterketa (Herreratik Boulevardera, 4,4 km-ko proba). 299 korrikalari.
10:00etan: Behobia-Donostia lasterketa (19 irteera mailakatu). Gainontzeko guztiak.

*Ostiralean (12:30etik 21:00etara) eta larunbatean (10:00etatik 20:00etara) Korrikalarien Feria izanen da Anoeta Belodromoan.