Nortzuk dira Sakanako kirolari onenak? Lagundu aukeratzen

Guaixe 2016ko aza. 10a, 11:54

2014an saritutako Sakanako kirolari onenak.

Azaroaren 21era baino lehen bidali behar dira proposamenak, Sakanako Mank-era

Bi urtetik behin Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak eskualdeko kirolari eta taldeak saritzen ditu. Horrela, aurten 2015 eta 2016ko Sakanako kirolari onenak aukeratu eta sarituko dira. Baina aukeraketa prozesurako laguntza eskatu du Mank-ek. Horrela, sakandar guztiei proposamenak bidaltzeko deia egin die. “Zenbat eta proposamen gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango dituzte kirolari guztiek aukeratuak izateko” azaldu dute Mank-eko kirol zerbitzutik.

Emango diren sariak
Ondoko sariak banatuko ditu Mank-ek: 2015-2016ko 35 urte baino gehiagoko Sakanako kirolaririk hoberena (gizona eta emakumea), 2015-2016ko 18 urte baino gehiagoko Sakanako kirolaririk hoberena (gizona eta emakumea), 2015-2016ko 18 urte baino gutxiagoko Sakanako kirolaririk hoberena (gizona eta emakumea), 2015-2016ko Sakanako kirol talderik onena eta 2015-2016an euskara gehien bulkatu duen taldea. Horretaz gain, epai mahaiak, hala erabakitzen badu, bi aipamen berezi eman ditzake, kirolean egindako lana.

Azaroaren 21a baino lehen
Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 21eko 12:00ak baino lehen, Mank-en (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus). Horretaz gain, Irurtzungo kultur etxean eta Altsasuko Kirol Zerbitzuan aurkeztu daitezke proposamenak, hautagaien curriculuma gaineratuz.