Tokiko elikadura marrazkitan

Guaixe 2016ko aza. 10a, 17:44

Amalur azokako salmenta postu bat.

Elikagaien kontsumo arduratsua, tokikoa eta jasangarria islatzen duten marrazkien lehiaketa antolatu da. Lanak azaroaren 30era arte aurkeztu daitezke.

Sakanako Garapen Agentziak, Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkartea eta Belardi elkarteak antolatu dute marrazki lehiaketa. Hartara gaztetxoek aurkezten dituzten marrazkiak elikagaien kontsumo arduratsua, tokikoa eta jasangarriarekin lotuta egon beharko du.

Aurkeztutako lanek originalak eta berriak izan beharko dute, ezin izanen dira beste lehiaketetan saria lortutako lanak aurkeztu. Marrazkia sortzeko teknika edozein izan daiteke, baina A3 tamainako paper batean egin beharko da. Parte-hartzaile bakoitzeko lan bakarra onartuko da. Marrazkiarekin batera sortzaileak bere izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta goitizen bat jarri beharko du marrazkian. Lanak bost tokitan aurkeztu daitezke: Irurtzunen, Fruitis Janari-denda; Lakuntzan, Junkal autozerbitzua; Etxarri Aranatzen, Kaxeta; Altsasun, Arkatz Liburu-denda eta Olatzagutian, Olatz Etxagibel farmazian.

Epaimahaia lehiaketa antolatzen duten bi elkarteetako ordezkariek osatuko dute. Haiek aurkeztutako marrazkien originaltasuna eta sintesia baloratuko ditu epaimahaiak, baita lehiaketaren oinarrizko gaiarekin lotura. Eskola materialez osatutako hiru sorta izanen dira sariak. Lehiaketara aurkeztutako marrazkiak Sakanako denden erakusleihoetan ikusgai izanen dira.

Pintxoak
Sakana bertako lehen sektoreko produktuen balioa nabarmentzeko marrazki lehiaketaz aparte, hiru erakunde deitzaileek pintxo-pote burujabea antolatu dute. Azaroaren 19an izanen da tokiko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera.