Lagun Artea eta Etxarri Aranatz punturik bildu gabe

Guaixe 2016ko aza. 15a, 12:09
Etxarri Aranatz.

Preferente maila. 9. jardunaldia: Mutilbera 2 – Lagun Artea 0 / Beti Casedano 2 – Etxarri Aranatz 1

Preferente mailan Lakuntzako Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek galdu egin zituzten euren partidak. Mutiloan jokatutako partidan lehia bizia eskaini zuten Mutilberak eta Lagun Arteak. Lehen zatian etxekoek dominatu zuten hasieran. Mutilberak aldeko penalti bat huts egin zuen, baina 18. Minutuan gola sartu zuten Iruñerrikoek. Bigarren zatian Lagun Artea oso indartsu zelairatu zen eta erasotzen aritu ziren, etengabe, makina bat gol aukera sortuz, baina lakuntzarrek ez zuten kontrako atean asmatu. Baina partida bukatzear zegoela Mutilberakoek bigarren gola sartu zuten eta hiru puntuak bereganatu zituzten.

Bestalde, Casedan 2 eta 1 galdu zuen Etxarri Aranatzek. Lehen zatian ez zen dominatzaile argirik egon eta bi taldeek hegaletik eta baloi luzeekin saiatu ziren kontrakoa erasotzen. Orietako jokaldi batean aurreratu zen Beti. Etxarriarrek ez zuten etsi eta atsedenaldiaren ondoren partidari buelta ematen saiatu ziren. Horrela, behin eta berriz ekin eta gero, Xabatek berdintzea lortu zuen. Partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean Beti Casedanok garaipenaren gola sartu zuen ezusteko jokaldi batean eta punturik gabe itzuli ziren etxarriarrak.

Bidezarra da preferente mailako liderra (20 puntu), Beti Casedano bigarrenari bi puntu aterata (18 puntu). Lagun Artea 7. postura jaitsi da (14 puntu) eta Etxarri Aranatz 14.a da (8 puntu), jaitsiera postuetan. Asteburuan Lagun Arteak Beti Casedano hartuko du Zelai Berrin eta Etxarri Aranatz Aibaresen kontra ariko da San Donaton.