Etxeko ospitalizazioa Sakanara heldu den urtean iritsiko da

Guaixe 2016ko aza. 19a, 10:29

Irurtzungo osasun etxean jendea itxaron gelan. Argazkia: artxiboa.

Osasun Departamentuko kontseilari Fernando Dominguezek Etxeko Ospitalizazio zerbitzua Sakanan eskainiko dela jakinarazi du. Dominguez kontseilariak azpimarratu duenez, "Osasun Departamentuak etxeko ospitalizazioaren aldeko apustua egiten du ohiko ospitalizazioaren ordezko gisa, abantaila kliniko asko baititu pazienteendako eta familiendako, bai eta osasun-sistemarako ere". Zerbitzu horrekin, etxean bertan osasun-laguntza konplexua ematen da, baldin eta pazienteak betekizun batzuk betetzen baditu eta zaintzaile baten babesa badu.

Barne Medikuntzako espezialista batek, erizain batek eta ibilgailu batek osatutako taldea da gaixoak bisitatzeaz arduratzen dena. Departamentuak 2017an halako lau talde berri osatuko ditu eta haietako bik Ultzama, Doneztebe, Leitza, Lesaka, Elizondo, Auritz, Agoitz, Zaraitzu, Izaba, Zangoza eta Sakanan ariko dira lanean.

Etxeko ospitalizazioaz
Laguntza-eredu bat da eta, haren bidez, pazienteei bere etxean ospitale bateko zaintza medikuak eta erizaintzako zaintzak ematen zaie ospitaleko azpiegitura jadanik behar ez duten unean, baina oraindik medikuen jarraipena eta laguntza konplexua behar dutenak.

Laguntza-eredu horrek abantaila asko ditu ohiko ospitalizazioarekin alderatuz, susperraldia inguru ezagun eta erosoago batean egiten baita (etxean), senideen laguntzarekin; azken horiek, gainera, ez dute ospitalera joan beharrik eta gauak ere ez dituzte han pasa behar, ospitaleko infekzioak saihesten dira, pazienteak ez dira hainbeste desorientatzen, eta errekuperazio funtzionala bizkorragoa da. Gainera, ospitalizazio-mota horri esker, osasun-baliabideak aurrezten dira eta mediku espezialisten eta Lehen Mailako Arretako medikuen arteko koordinazioa hobetzen da.