Pintxo-pote burujabea, Sakanako produktuen balioa aitortzeko

Guaixe 2016ko aza. 18a, 08:47

Belardi, Sakanako tokiko ekoizleen elkarteko kideetako batzuk. Argazkia: Sakanako Garapen Agentzia

Ibarreko produktuekin egindako I. Pintxo-pote herri lehiaketa 14 tabernetan izanen da larunbatean; pintxoa eta potea bi eurotan.

Sakanako Garapen Agentziak, Belardi tokiko ekoizleen elkarteak eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak sakandarrak eskualdeko tokiko produktuekiko sentikor bihurtzeko kanpaina martxan jarri dute. Eta horrela sortu da I. Pintxo-pote burujabea. Antolatzaileek ekimen horrekin herritarrak kontzientziatu eta, aldi berean, tokiko produktuez gozatzeko gonbidapena luzatu dute.

Ibarrean bertan eta Sakanako produktuak kontsumitzeko makina bat arrazoi eman dizkigute: “tokiko ekonomia babestea, lanpostuak sortu eta mantentzea, lurren eta negozioen garapen jasangarria sustatzea, nekazari eta abeltzainen ahalduntzea, monopolioek jatorrizko prezioak aldatzea eragoztea, garaiko produktuak jatea, elikagaiak nondik datozen ezagutzea, ingurugiroa zaintzea, kalitatezko produktuak jatea, ingurumen –inpaktua txikiagotzea… eta nola ez, askoz osasuntsuago eta zaporetsuago elikatzea”.

Pintxo sakandarrak
Sakanan ekoiztutako txekor haragia, txerrikia, barazkiak, esnekiak, karakolak, arrautzak, ardi gazta, eta abar pintxoen lehengai paregabeak bihurtuko dira. Ibarreko bizilagunek gainera, pintxo hoberena hautatzeko aukera izanen dute tabernetan bertan aurkituko dituzten txarteltxoetan botoa emanez. Hala egiten dutenek 40 eurotan baloratutako tokiko produktuez osatutako hiru saskien zozketan sartuko dira.

Ekimen horretarako tabernak honako ekoizleen produktuez hornitu dituzte: Albi, Ibarborda, Balda Artola, Uharte, Sarabe, Utxama, Juananeko gaztak, Jeingenekoa esnekiak, Aralarko txekor haragia, Ubei euskal txerrikia, Legarbe karakolak eta barazkiak eta Ollaondo arrautzak.

Taberna parte-hartzaileak
Irurtzun: Pikuxar Euskal txokoa, Roman eta Plazaola Hotela
Etxarri Aranatz: Derry eta Iturri Eder
Altsasu: Lezea, Urtzi, Xume, Gautxori, Arkangoa, Koxka, Las Vegas, Biltoki eta Kaixo