Burunda klubak Hodei Mazkiaran omendu zuen

Guaixe 2016ko aza. 23a, 12:17

Txirrindularitza taldeak ostiralean batzarra egin zuen eta larunbatean bazkaria

2016 denboraldia bukatzeko ostiralean batzarrean bildu ziren Burunda txirrindularitza taldeko kide eta bazkideak. Urteko kontuak errepasatu eta kirol urtearen balorazioa eta balantzea egin eta gero, klubeko txirrindulari guztiei oroigarriak banatu zitzaizkien eta Burundan trebatutako Hodei Mazkiaran pistard altsasuarrari omenaldia egin zitzaion.

Aurten txirrindularitza uztea erabaki du Hodei Mazkiaranek, pista txirrindularitzan ibilbide bikaina egin eta gero; Londoneko Olinpiadetan aritu zen altsasuarra. “Bere palmaresarekin txundituta utzi gaitu, lehiatu den lasterketa eta txapelketa guztiekin, joko olinpikoak tartean. Zoriontzea, ez dugu besterik” adierazi dute Burunda klubeko kideek.

Bestalde, junior mailako 2. urteko txirrindulariei agur esateko probestu zuten ostiraleko ekitaldia. Haietatik bi, Alex Unzilla Aldasoro eta Asier Etxeberria Zafra, afizionatuetara egin dute salto. Unzilla Telcom-Gimex taldean ibiliko da, eta Etxeberria, berriz, Euskadi Fundazioan.

Denboraldia bikain despeditzeko, Burundako kideak bazkaltzera bildu ziren larunbatean, Urdiainen.