Sakanako 5 ikastetxek hartuko dute parte 33. Ipar Eskiko Eskola Kanpainan

Guaixe 2016ko aza. 24a, 09:49

Argazkiak: Iñigo Aritza

Iñigo Aritza ikastola, Irurtzungo Atakondoa, Uharte Arakilgo San Migel, Urdiaingo Herri Eskola eta Iturmendiko Arrano Beltza ikastetxeko ikasleek gozatuko dute eskiaz Erronkarin eta Otsagin

Nafarroako Gobernuak 33. Ipar Eskiko Eskola Kanpaina aurkeztu berri du. Kanpaina horri esker Nafarroako 140 ikastetxeetako 5.162 ikasle murgilduko dira ipar eskian, horietatik 4.232 Erronkariko bailaran eta gainontzeko 930 ikasleak Otsagiko bailaran. Horretaz gain, 411 irakaslek “Aste Zuria” izenarekin ezaguna den ekimenean parte hartuko dute. Aipatzekoa da kanpainan parte hartuko duten 5.162 ikasleetatik %30ak, 1.548 ikaslek, D ereduan, euskaraz, egiten dituela ikasketak eta euskarazko eskaria asetzeko neurriak hartu behar izan dituela antolakuntzak, euskarako eskaintza eskainiz.

Antolakuntzari dagokionez, Nafarroako Gobernuko enpresa publiko batek antolatzen du kanpaina, Navarra de Infraestructuras de Cultura, Deporte y Ocio NICDO enpresa publikoak, Larra Belagua Ipar Eski Gunearekin batera eta Erronkariko eta Salazarreko Bailaren eta Izaba eta Otsagiko Udalen laguntzarekin. La Caixa eta Caja Navarra Fundazioak babesten du ekimena, 550.000 euroko laguntzarekin. Kanpainak irauten duen bitartean 125 lanpostu sortzen dira Erronkarin eta 35 Salazar Bailaran.

5 ikastetxe sakandar
33. Ipar Eskiko Eskola Kanpainan parte hartuko duten 140 ikastetxeetatik 5 Sakanakoak dira: Iñigo Aritza ikastola, Irurtzungo Atakondoa ikastetxea, Uharte Arakilgo San Migel ikastetxea, Urdiaingo Herri Eskola eta Iturmendiko Arrano Beltza. Azken hau kanpainan parte hartzen duen eskolarik txikiena da, hiru ikasle eta irakasle batekin.

Abendutik apirilera
Erronkariko bailaran abenduaren 18an hasiko da kanpaina eta apirilaren 28an despedituko da. Salazar Bailaran, aldiz, kanpaina ilbeltzaren 8an hasi eta martxoaren 24an despedituko da. Erronkarin ibiliko diren ikasleak Larra Belagua Eski Gunean eskiatuko dute eta Salazarreko Bailaran ibiliko direnak, aldiz, Abodiko pistetan.

Goizetan, bi txandatan banatuta, ipar-eskian ariko dira kanpainan parte hartuko duten neska-mutikoak. Ikasle gehienek Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak edo DBH-ko 1. eta 2. mailakoak dira. Arratsaldetan ekimen ezberdinetan hartzen dute parte. Helburua gazteengan kirola sustatzea da, elkarbizitza bulkatzea eta ingurumenaren inguruan sentsibilizazioa egitea. Beste xede batzuk aipatu bailaren dinamizazio soziekonomikoa bulkatzea eta emakumeen eta gazteen lanpostuak sustatzea da.