Altsasuko Udalak, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta Nafarroako Gobernuak zinemaz eta euskaraz gozatzeko gonbidapena egin dute. Altsasuko Iortia kultur gunean heldu diren bi asteburuetan euskaraz proiektatutako lanak ikusteko aukera izanen da. Ostiral eta igande honetan, zine-forum saioan Jon Abrilen Neskatoak dokumentala izanen da ikusgai. Beratarrak 1940etik 1970era bitarteko urteetan frankismotik ihesi Frantziara neskame joan ziren emakumeen esperientzia kontatzen du dokumentalak. Kasu gehienetan nerabeak eta neska gazteak ziren, bizimodu hobea bilatzeko familiak atzean utzi zituztenak. Haietako 15en testigantzak jaso ditu Abrilek.
Abenduko aurreneko asteburuan ere zinema euskaraz izanen da Iortian. Abenduaren 3an, larunbatean, 20:00etan, Jon Maiak zuzendutako Zura dokumentala izanen da ikusgai. Euskal Herriaren idiosinkrasian basoa eta zurezko zimenduak daude. Maiaren lanarekin antzinatetik etorkizunerako bidaia eginen dugu lur honetako gizakiaren eta zuraren arteko harremana azalduz. Horretarako, pertsonaia hautatuen bizi-esperientzia pertsonala eta mundu mailako adituen txori begirada erabiliko ditugu, historia eta istorio konbinazio poliedriko baten bidez lehengo, oraingo eta etorkizuneko basoen eta zuraren gako nagusiak azalduz.
Haurrendako euskarazko pelikula bat, Zikoinak, ikusgai izanen da Iortian abenduaren 4an, igandean, 17:00etan. Filmak zikoinen ohiko kontzeptua aldaraziko du. Beti esan izan da zikoinek haurrak eramaten dituztela edo, behintzat, eraman ohi zituztela. Orain, ordea, Interneteko mundu mailako konpainia baten paketeak emateaz arduratzen dira. Junior, konpainiako banatzailerik hoberena den zikoina, postuz igotzekotan dago nahi gabe umeak egiteko makina aktibatu eta baimendu gabeko ume zoragarri bat egiten duenean. Juniorrek nagusia konturatu baino lehen arazoa gainetik kendu nahi du.