Haurrak album egile

Guaixe 2016ko aza. 24a, 18:32

Album ilustratuek hitza eta irudia dute eta asko izaten dira haien bidez irakurketara zaletzen edo hurbiltzen diren haurrak. Halako album bat egiteko aukera izanen dute 6 eta 10 urte bitarteko haurrek abenduaren 23an, 17:00etan. Altsasuko Iortia kultur gunean Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Yolanda Arrieta idazleak album ilustratuak sortzeko tailerra emanen dute. Parte hartzen duten umeek album bat nola egiten den ikasiko dute, hitza eta irudia elkartuz, bi profesionalen laguntzarekin. Bukatzean haurrek mostratxo bana etxera eramanen dute.

Ekimena Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu du, Etxepare sariaren egitasmoaren barruan, haurrak albumen mundura gerturatzeko. Mank-ek antolakuntzan Altsasuko Udalaren laguntza izan du.

Abenduak 18
Data horren aurretik eman behar da izena Iortia kultur gunean: 948 564272 telefonoan edota iortia@altsasu.net helbide elektronikoan.



Sortzaileak
Yolanda Arrieta
Lea-Artibaiko Etxebarrin jaio zen eta Usurbilen bizi da orain. Idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzeaz aparte, zenbait liburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan zein helduenean.  Haur eta gazte literaturako Euskadi saria irabazi du. Bere webgunean jarrai daiteke bere ibilbidea.

Aitziber Alonso
Arte Ederrak ikasi zituen eta urtetan Artelekun eta Galtzagorrin aritu da bera lanak egiten, besteak beste, irakurketa aretoentzako eszenografiak sortzen. Egun ilustraziora dedikatzen da eta bere lan batzuk bere blogean aurki daitezke.