Sakanako Sare Herritarra giza saretik jakinarazi dute aste honetan ibarreko udal guztietan mozioa aurkeztu dutela. Udalei idatzian euskal presoek, eta bereziki Sakanakoek, “pairatzen duten sakabanaketa politika salatzea” eskatzen zaie. Sareko kideek diotenez, sakabanaketa “oinarrizko eskubideen urraketa ez ezik, gehitutako zigor krudela ere badelako haien senide eta lagunendako”.
Mozioa onartzen duten udalei erabakia hainbat erakunderi bidaltzea eskatzen die: Nafarroako Gobernuko Bakea, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, Iruñean dagoen Espainiako Gobernu Ordezkaritzari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari eta Frantziako Gobernuari.
Sarek, bide batez, Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak euskal herrira lelopean ilbeltzaren 14an Bilbon eginen den manifestaldiari babesa emateko eskatu die ere udalei.
Sakabanaketa politikaren datuak Sakanan
· Sakanako senide eta lagunek astero 8.000km egin behar izaten dituzte haien senideak bisitatzeko.
· Bataz besteko km-ak familia bakoitzeko: astero 1130km, hilero 4.520km eta urtero 62.150km
· Dispertsio politikak Sakanako senideei suposatzen dien bataz besteko gastua familia bakoitzeko: astero 377,94€, hilero 1.637,75€ eta urtero 19.653€.
· Istripu arriskua: Sakabanaketa politikak 25 egunetik behin istripu bat eragiten du espetxeetara bidean. Azken istripua pasa den asteburuan gertatu da. Dagoeneko dispertsio politika ezarri zenetik 16 senide hil dira errepideetan