Baliogabetutako LEPak bederatzi irakasle sakandar kaltetu ditu

Guaixe 2016ko aza. 25a, 09:06

Oposizioa gainditu eta gaur egun praktikak egiten ari dira. Esan dutenez, “ezjakintasuna, ziurtasun eza eta beldurra gure egunerokotasunera bueltatu dira”, deialdia egin aurreko garaia gogoratuz.

Nafarroako Gobernuak irakasleak kontratatzeko Lan Eskaintza Publikoa (LEP) egin zuen. 200 lanpostuetatik 108 euskarazko irakasleendako ziren eta 92 gaztelaniazkoendako. Euskarazko lanpostuen kontrako salaketa jarri zuen Afapna sindikatuak eta Nafarroako Justizia Auzitegiak hilaren 11n arrazoia eman zion. Epaiaren arabera, Hezkuntza Departamentuak legea bete gabe atera zituen lanpostuak. Gobernuak berak eta beste sindikatu batzuek helegiteak aurkeztu dituzte dagoeneko.

Euren etorkizunarekin kezkatuta, kaltetutako irakasleek batzarra egin zuten Iruñean larunbatean, eta kaltetuen plataforma sortu dute. Haien artean sakandarrak zeuden: Nerea Santesteban, Gorka Santesteban, Nerea Garziandia, Aitziber Vitoria, Aizea Beraza, Juanpa Santano, Xabier Pereda, Irantzu Goikoetxea eta Erkuden Goikoetxea. Ordezkoen zerrendan ere sakandarrak izanen dira.

Larunbatean elkartu ziren 100 kaltetuek adierazi zuten ez daudela epaiarekin ados: “irmoki eskatzen dizuegu egoera honi irtenbide azkar, egoki eta bidezko bat lortzeko aukera duzuen horiei, hitz egin, ados jarri eta egin beharreko moldaketak egin ditzazuen, gure lana, gure proiektuak, Hezkuntza Publikoaren egonkortasuna eta gure ikasleen ongizatea bermatu ahal izateko”. Gaineratu dutenez, “100 ez da soilik zenbaki bat; atzean pertsonak, familiak, istorio desberdinak eta sentimendu ugari daude”.  

Prozesua
Plataforman bildu diren epaiak kaltetutako 10 irakasleek euren “lanaren defentsa legitimoa” egin nahi dute; “eskatzen dugun bakarra errespetua da, gure lanari eta esfortzuari; izan ere, inork ez digu ezer oparitu, plaza lortzea gure sakrifizioaren emaitza izan da. Oposizio prozesu bat bizi duen batek bakarrik uler dezake honetara iristea zein nekeza den”.

Irakasleek gogorarazi dute 2015eko irailean LEPari buruzko aurreneko zurrumurruak entzun zituztela. “Kontua gehiago nahasten joan zen eta zurrunbiloaren erdian, gu”. Hedabideetan entzun zuten aurtengo plaza kopuru handi bat aterako zela joan den urteko azaroaren 6an. Datuekin batera “sindikatuen eta alderdi politikoen arteko tirabirak hasi ziren. Berriz ere gu erdian”. Ordurako ikasten hasiak zirela azaldu dute plataformako kideek, “hezkuntza publikoan lan egin nahi dugun guztiok behartuta baikaude ateratzen diren oposizioetara aurkeztea, hango noten arabera  zerrenda berriak osatzen baitira”.

Eguberrien ondoren LEParen inguruko tirabirek eta zehaztapen ezak segitzen zuten. Otsailean argitaratu zen deialdia. Bitarte horretan guztian irakasle kaltetuek “urduritasunak, ezinegonak, ziurtasun ezak eta bestelako mila sentimenduri” aurre egin behar izan diotela nabarmendu dute. Plaza lortu ondoren, “gutako askori, bizi planak aurrera eramaten hasteko bultzada eman zigun; haurdunaldiak, hipotekak… ilusioz proiektu berriei ekin genien askok. Baina gure bizipoza, hiru hilabetetako poz hutsean geratu da”.