Herritargo konprometitu baten alde, emakumeenganako indarkeriaren kontra

Guaixe 2016ko aza. 25a, 14:06

Azaroaren 25a, Emakumeen urkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela eta, Genero indarkeriaren aurkako udalak kanpaina antolatu du Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak. Harekin bat egin dute Sakanako hainbat udalek, esaterako, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Altsasu.

Adierazpen bateratua onartu dute, zeinaren bidez argi adierazten baita emakumezkoen aurkako indarkeriaren arazoa ez dela emakumezkoen arazo bat, “gizarte osoaren arazo bat baizik, horregatik, gizarteak bere osotasunean erantzun behar du”. Udaletatik diotenez, “azken urteotan aurrerapenak izan dira, besteak beste: arauetan, hezkuntzako eta indarkeria aurrezaintzeko programak ikastetxeetan garatu dira eta gizartea kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak planifikatzean”.

Gaineratu dutenez, “emaitza positiboak ere lortu egin dira gizartearen eta erakundeen erantzunetan, esaterako, Nafarroako herritarrek San Ferminetan erakutsitakoa, era eraginkorrean agertuz eta gaitzespena erakutsiz festetan gertatutako sexu-erasoen aurrean eta argi utziz jarrera mota horiek ez direla onartzen, eta gizarte demokratikoa eta berdintasunezkoa ez dute sortzen, ezta laguntzen ere”.

Adierazpena
Udalek indarkeria sexista gaitzetsi dute: “agerian dagoenari nahiz ikusten ez denari, eta haren adierazpen guztiei, diskriminazioaren eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun faltaren emaitza direlako”.

Horrekin batera konpromisoa azaldu dute, “herri administrazio gisa, era aktiboan desberdintasunen eta emakumezkoen eta gizonezkoen arteko harreman ez orekatuen kontra lanean jarraitzeko, indarkeria-haztegia direlako, baita gure konpromisoa emakumeen aurkako indarkeria mota guztien aurrean erantzutekoa ere, berdintasuna politika guztien ardatza izanen den legegintzaldi batean”.

Aldi berean, udalek elkartasuna azaldu diete “edozein eraso jasan edota hildako emakume horiekin guztiekin baita muturreko indarkeria sexistaren biktima izan direnei.  Gure babes osoa beraiendako eta beren familiendako”. Gainera, herritarrei gonbidapena luzatu diete: “emakumeen aurkako indarkeria gaitzespen jarrera erakusten jarraitzeko, banakoarena nahiz taldekoarena, indarkeria mota hori errotik kentzeko. Baita emakumeen bizitzan izaten diren indarkeria mota guztiak eta kontrol patriarkalaren adierazpen guztiak salatzera”.

Azkenik, azaroaren 25aren inguruan antolatu diren jardueretan parte hartzera animatu gaituzte, “horrela, guztiok batera aurrera jarraituko dugu, geroz eta jasangarriagoa, demokratikoagoa, bidezkoagoa eta berdinagoa izanen den gizarte baten bidean”.


Altsasuko Egitaraua
· Azaroak 25, ostirala
12:00etan Ospakizuna Altsasuko ikastetxeekin, Iortia kultur gunean.
13:00etan Jendaurreko ekitaldia, Iortia kultur gune pareko zabalgunean.
20:00etan Kontzentrazioa: indarkeria matxista, erantzun feminista, udaletxe parean.

· Azaroak 27, domeka
18:00etan Neskak eta mutilak, amodio bila?

· Azaroak 30, asteazkena
17:00etatik 19:00etara Sare sozialak, gazteak eta genero indarkeria. Ianire Estebanezen helduendako tailerra.

· Abenduak 15, osteguna
12:00etatik 13:30era Ez naiz biktima, berriz jaio naiz. Genero indarkeria jasan duten emakumezkoen eta taldeen bizipenak. Ainhoa Malaxetxabarria. Iortia kultur gunean.
15:15etik 17:15era Bizirik iraun duten emakumeak. Gure Etxea eraikinean.