Aibaresi irabazita, Lagun Artea laugarren postura igo da; Etxarrik galdu zuen eta hamaikagarrena da

Guaixe 2016ko aza. 28a, 10:28

Lagun Artearen hamaikako bat.

Preferente maila. 11. jardunaldia: Aibares 1 – Lagun Artea 4 / Amigó 2 – Etxarri Aranatz 1

Preferente mailan 3 puntu oso garrantzitsu ekarri zituen Lakuntzako Lagun Arteak Oibarretik. Partida hasi eta berehala Aibares aurreratu zen, laugarren minutuan Mikelek sartutako golarekin. Bi taldeak saiatu ziren, baina atezainak fin ibili ziren eta markagailua ez zen gehiago mugitu. Bigarren zatian, aldiz, Lagun Arteak buelta eman zion partidari. Aibareseko defentsak egindako akats bat ongi aprobetxatuta Anderrek berdinketa lortu zuen. Handik gutxira Garikoitzek Lagunen bigarrena sartu zuen, eta nahiz eta Aibares berdintzen saiatu, Iñakik Lagun Artearen hirugarren gola egin zuen. Aibares lur jota geratu zen eta, horrela, Lagun Artearen laugarrena iritsi zen, Odonek sartutakoa. 1 eta 4 irabazita, Oibarretik pozik itzuli ziren lakuntzarrak.

Aldiz, Mutiloatik punturik gabe etorri ziren etxarriarrak. Amigó eta Etxarri Aranatz pare pare aritu ziren eta oso lehia borrokatua eskaini zuten. Lehen zatiko erdialdera aldera, Rubenek Amigó aurreratu zuen eta horrela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere oso lehiatua izan zen, baina Etxarriren atezainaren akats bat aprobetxatuz bigarrena sartu zuen Amigók. Izkineko sake baten ondoren Etxarriren aldeko gola sartu zuen Saezek eta Etxarri berriro sartu zen partidan. Gogoz saiatu ziren etxarriarrak, baina, tamalez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2 eta 1 galdu eta gero, punturik gabe itzuli ziren etxera.

Sailkapen orokorrean Bidezarra da preferente mailako lehen multzoko liderra (24 puntu). Lagun Artea laugarren postura igo da (20 puntu) eta Etxarri Aranatz 13. Postura jaitsi da (11 puntu). Asteburuan Lagun Arteak sailkapenean 9.a den Amigó izanen du aurkari eta Etxarri Aranatzek sailkapenean 10.a den Urroztarra hartuko du.