Euskal Herri independente bateko herritarra izan nahi duzu? galderari baietz esan diote bakaikuarrek. Erabakitze eskubideari buruzko herri galdeketan 297ko erroldatik 194k parte hartu zuten, %65,31ekoa. Baiezkoaren alde 156k egin dute, bozkatu dutenen % 80,4k. Ezetza 26k eman dute, % 13,4. Boto txuria eman dutenak, berriz, 10 izan dira, %5,5. Azkenik, 2 boto baliogabe izan dira, %1,03.
Emaitzak jakinda pozik eta hunkituta agertu ziren San Juan plazako karpan zeuden bakaikuarrak. Urte beteko lan, zalantza, buruko min, barre, dantza eta gozamenak merezi izan zutela adierazi zuten topa eginez. Galdeketa antolatu zuen Gure Esku Dagoko Txaro Ondarrak eta Ernesto Leitzak adierazi zutenez, “emaitzak emaitza garbi dugu gaurko egunean, hiru haitzen begiradapean, erabakiak irabazi duela. Beraz, helburua bete dugu”. Esker oneko hitzak ere izan zituzten “gau eta egun lan eta lan ibili zareten horiei. Asko izan zarete. Eta eskerrik asko zuri, herri txiki baten etorkizun handi bat marrazten laguntzeagatik. 2014ko udaberrian ereindako hazia loratu da. Erabakiak irabazi du gaurko egunean. Aupa Bakaiku!”
Eguraldia lagun eta giro ederrean ospatu zen erabakiaren festa Bakaikun. 13:00etarako erroldaren %55ak parte hartu zuen herri galdeketan. Botoa eman zutenen artean herriko alkate izandako guztiak zeuden. Egungo alkate Egoitz Urritzarekin batera, guztiek batera eman zuten botoa. Antolatzaileen izenean eguerdian Ondarrak eta Leitzak azaldu zutenez, "guk gure alea jarri dugu herri honen erabakitzeko eskubidearen ibilbidean. Tantaz tanta, botoz boto, erabakiko baitugu herri honen etorkizuna eta norabide horretan lanean jarraituko dugu".
Galdeketa egiten ari ziren dimoztarrekin zuzeneko konexioa egin eta gero, heldu den urtean erabakitzeko eskubidea praktikan jarriko duten makina bat herritako ordezkariak hartu dituzte, Sakanakoak tartean. “Borondatea eta elkarlanean aritzeko animoa behar dira gaur egun arte 38 herritan posible izan dena bihar hiru miloi biztanleko herri honetan gauza dadin”.
Galdeketa behar bezala egiten zela ziurtatzeko begirale taldea izan zen. Haien artean zeuden, esaterako Etxarri Aranazko alkate ohi Maider Goñi edo herri bereko A13 platafomako Manu Gomez. Biek ere herrian izandako galdeketagatik eskarmentua dutenak. Guztia normaltasun osoz joan zen. Galdeketarekin batera festa egitarau zabalaz gozatzeko aukera izan zuten bakaikuarrek eta bisitariek.
Gure Esku Dago doinuari jarraiki dantza bikaina eskaini dute dantzariek, eta bakaikuarrak herriko zortzikoa dantzatzera animatu dira. Baina aurretik zertaz gozatu egon da Bakaikun. Txikiendako puzgarriak, azoka, Lakuntzako erraldoiak, dantzariak... eta baita Zubiondoko kantu taldea ere. Herri bazkarian ehundik gora pertsona bildu dira eta Edor akordeoilariaren doinuei esker giroa bero-bero mantendu da.
2017an galdeketa gehiago
Heldu den urtean 111 galdeketa eginen dira. Haietako batzuen antolatzaileek igande eguerdian lekukoa jaso zuten Bakaikun. Horien artean daude Sakanako sei herri: Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia. Udaberri akaberarako aurreikusi dituzte galdeketak. Arbizun ostiralerako, 19:00etan, udaletxeko bilkura gelan batzarra deitu dute.