Asteburuan hasiko da Binakako Txapelketa

Guaixe 2016ko aza. 29a, 11:11

Bi ordezkari sakandar izango ditugu, Ezkurdia eta Zabaleta

Igandeko lau t´erdiko final zirraragarriaz gozatzeko astirik izan gabe –Oinatz Bengoetxeak 22 eta 21 irabazi zion Jokin Altunari, sekulako finalean–, Binakako Txapelketa aurkeztu zuten astelehenean Aspek eta Asegarcek, Bilbon.

Aurkezpenean ez zen apenas sorpresarik egon, aurretik jakina baitzen zein pilotari ariko diren. Azken binakakotik Pablo Berasaluze ez da ariko, erretiroa hartu duelako, eta Aitor Zubieta etxarriarrak eta Juan Martinez de Irujok ere huts egingo dute, min hartuta daudelako. Egungo txapeldunak, Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxea, ez dira batera ariko. Olaizolak Untoria izango du bikote eta Urrutikoetxeak aurrelari jokatuko du aurten, Beroizekin. Mikel Larunbe izango da Binakakoan debutatuko duena; Bengoetxea VI.a izango du bidaide. Artolak eta Albisuk osatuko dute Asegarceren azken bikoa.

Aspen, aldiz, Danel Elezkanok debutatuko du. Hain zuzen ere Etxarrengo atzelari bikaina, Jose Javier Zabaleta izango du bikote Elezkanok. Joseba Ezkurdia arbizuarra, aldiz, Merino II.arekin ariko da. Aspeko beste bikoak Irribarria-Rezusta eta Altuna III.a-Barriola izango dira. Txapelketa orekatua izango dela nabarmendu zuten antolatzaileek, bikote guztiak indartsuak direlako, baina pilotazaleen artean Irribarria eta Rezustak osatutakoa indartsuena zela entzun izan zen. Irribarria, baina, ez zegoen ados esandakoarekin. “Biko guztiak dira onak, eta gogotik lan egin beharko dugu irabazteko”.

Ostiralean abiatuko da txapelketa, eta finala apirilaren 9rako aurreikusita dago. Ezkurdia eta Merino II.a ostiralean sartuko dira lehian. Artola eta Albisu izango dituzte aurkari. Aldiz, igandean lehiatuko dira Elezkano II.a eta Zabaleta; Irribarria eta Rezustaren kontra aritu beharko dute. Txapelketa luze, zaila eta estua dute aurretik guztiek.

Bikoteak
Asegarce: Olaizola II.a-Untoria, Bengoetxea VI.a-Larunbe, Urrutikoetxea-Beroiz eta Artola-Albisu.
Aspe: Altuna III.a-Barriola, Irribarria-Rezusta, Ezkurdia-Merino II.a eta Elezkano-Zabaleta

Binakakoa. Lehen jardunaldia
Ezkurdia-Merino II.a / Artola-Albisu (ostiralean, 22:00etan, Zestoan. ETB1)
Olaizola II.a-Untoria / Bengoetxea VI.a-Larunbe (larunbatean, 17:45ean, Lizarran)
Irribarria-Rezusta / Elezkano II.a-Zabaleta (igandean, 17:00etan, Zumarragan. ETB1)
Urrutikoetxea-Beroiz / Altuna III.a-Barriola (asteartean, 17:00etan, Tolosan. ETB1)