Sakandarrak sarituak Nafarroako Triatloi Galan

Guaixe 2016ko aza. 29a, 12:30

Sakana Triatloi Taldeko Gomezek, Imaztarrek, Razkinek eta Lakuntzak jaso zuten saria

Larunbatean Iruñeko Zentral aretoa bete egin zen Nafarroako 2016ko Triatloi Galan. Bertan, Nafarroako Triatloi Federazioak 2016ko Nafarroako Duatloi eta Triatloi Zirkuituetako sariak banatu zituen eta baita Nafar Kirol Jolasetako Duatloi eta Triatloi Zirkuituetako sariak ere. Eta sarituen artean zenbait sakandar izan genituen.

Sakana Triatloi Taldeko sarituak
Saria jaso zutenen artean Sakana Triatloi Taldeko triatletak eta duatletak  zeuden. Zehazki, Nafarroako Duatloi eta Triatloi Zirkuituko gizonezkoen beterano II. Mailako 3. saria jaso zuen Francisco Javier Gomez altsasuarrak. Bestalde, Nafar Kirol Jolasetan, Duatloi Zirkuituan benjaminen gizonezkoen mailako lehen saria Ekain Imazendako izan zen eta hirugarren saria Alain Razkinendako. Eta Nafar Kirol Jolasetako Triatloi Zirkuituan emakumezkoen kimuen mailan bigarren saria eskuratu zuen Nahia Imazek, eta gizonezkoen kimuen mailako hirugarren saria Hegoi Lakuntzarendako izan zen. Azkenik, gizonezkoen benjaminen mailan bigarren saria Ekain Imazek jaso zuen eta hirugarren saria Alain Razkinek.