Kontrako bidean gidatzeagatik inputatuta

Guaixe 2016ko aza. 29a, 13:47

Errepide segurtasunaren kontrako delitua eta arinkeriaz gidatzeaz aparte eta alkohol tasa gainditzeagatik Sakana erdialdeko gidari bat auzipetu du Foruzaingoak. 71 urteko gizonezkoak Sakanako Autobian (A-10) kontrako norabidean gidatu zuen joan den asteazken gauean. Larrialdietako telefonoan hainbat dei jaso zituzten gaztigatuz Uharte Arakil parean furgoneta bat kontrako norabidean zihoala, Irañetako norabideko errepidetik Arruazurantz.

Altsasuko polizia etxeko bi patruilak autobian zeuden ibilgailuak bide bazterrean geldiarazi zituzten eta beste bat ibilgailua geldiarazten saiatu zen. Arbizu parean lortu zuen, ia talka egin ondoren. Foruzainek sumatu zuten gidariak alkohola edan zuela eta atestatuaren taldearekin baieztatu zuten baimendutako maila hirukoizten zuela. Gizonak aste honetan Iruñeko Zaintza Epaitegitik pasa beharko du.