Lopez de Sabandori merezitako omenaldia

Guaixe 2016ko aza. 30a, 13:58

Ricardo Lopez de Sabando, Sutegiko eskolakoekin, ikasle ohiekin eta Barriolarekin. Argazkia: Utzitakoa.

Olaztiko Sutegi klubak antolatutako omenaldian Abel Barriolak txapela eta oroigarria eskaini zizkion urte luzez Olaztiko pilota irakasle izandakoari

Larunbatean Olaztiko Sutegi klubak merezitako omenaldia egin zion 16-17 urte inguru euren pilota irakasle izandako Ricardo Lopez de Sabandori. Arbizuarra jaiotzez baina Altsasura ezkonduta, makina bat lan egin du Lopez de Sabandok pilota sustatzeko. Aurten Olaztiko ardura utzi zuen eta Floren Aiestaran etxarriarrak hartu du Olaztiko Sutegi pilota eskolako irakasle izateko lana. Hamabost ikasle inguru trebatzen ditu. Baina, nolanahi ere, astero-astero Olaztitik pasatzen segitzen du Lopez de Sabandok, Sutegi klubaren nondik norakoak jarraitzera eta beharrezkoa denean laguntza ematera, eta pilota sustatzen jarraitzen du, Iñigo Aritza ikastolan oraindik ere txikienak pilotan trebatzen baititu.

Olaztiko Udalak bere esker ona azaldu zion arbizuarrari, Olaztiko festetako etxajua Lopez de Sabandok piztu baitzuen. Kontentu eta hunkituta bete zuen lana. Baina Lopez de Sabandok arrasto handia utzi du eta Olaztiko Sutegi pilota eskolako gurasoek eta Olaztiko Udalak bere aldeko omenaldia antolatu zuten larunbatean Olaztiko pilotalekuan. Lehenik eta behin, Iturmendiko dantzarien emanaldia izan zen. Ondoren, Ricardo Lopez de Sabando omendu zuten. Sutegikoek txapela jantzi zioten eta, ondoren, Abel Barriola pilotariak oroigarria eman zion. “Hunkituta zegoen Ricardo, oso eskertuta; hainbeste ez zuela merezi zioen behin eta berriz. Baina hori eta askoz ere gehiago merezi du” adierazi digute Sutegikoek. Halaber, Lopez de Sabandoren laguntzaile eta lagun Mikel Agirreri eta Migel Martinez de Goñiri ere trofeoa eman zieten, Ricardorekin batera lan handia egin baitute klubean.

Ondoren, pilota partida eskaini zuten Ricardorekin trebatutako pilotariek. Zornozak eta Agirrek Flores eta Beunza izan zituzten aurkari. Bukatzerakoan ia 80 pertsona bildu ziren bazkaltzera, Clinker jatetxean. Primerako giroan omendu zuten maisua.