Lagun Artea bigarren postura igo da eta Etxarri hamargarrenera

Guaixe 2016ko abe. 12a, 08:55

Lagun Artearen hamaikako bat.

Preferente maila. 12. jardunaldia: Lagun Artea 5 – Amigo 0 / Etxarri Aranatz 3 – Urroztarra 0

Asteburukoa primerako jardunaldia izan da preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Horrela, Lagun Artea bigarren postura igo da Amigó taldeari 5 eta 0 irabazi eta gero. Lakuntzarrek sekulako partida jokatu zuten etxean Amigókoen kontra. Nahiz eta hasieran Amigók jokaldi ederrak sortu eta bi taldeak ongi aritu, partida erosoa izan zen txuriendako, 23. minuturako Anderrek, Danik eta Josebak 3 eta 0 aurreratu baitzuten Lagun Artea. Atsedenaldia baino lehen laugarrena sartu zuen Aitorrek. Bigarren zatian Lagun Artea denbora pasatzen uzten ibili zen, baina horrek ez zuen ekidin 60. minutuan Anderrek bosgarren gola sartzea. Lakuntzarren nagusitasunaren aurrean sufritzea tokatu zitzaion Amigo taldeari.

Bestalde, Etxarri Aranatzen ere gol festa ederra ospatu ahal izan zuten futbol zaleek. Partida hasi eta berehala Asier Urkiak etxarriarren lehen gola sartu zuen. Etxarri dominatzen hasi zen eta 10. minutuan Luisek gorrien bigarrena egin zuen. Hortik aurrera, Etxarri Aranatz jaun eta jabe izan zen, baina ez zituen jokaldiak borobildu. Urroztarrak ere izan zituen bere aukerak, baina baloia ez zen etxarriarren atean sartu. Bigarren zatian Etxarrik dominatzen jarraitu zuen, eta jokaldi nahasi batean Urroztarrakoek gola sartu zuen euren ate propioan. Horrela, partida bikaina jokatuta, azkenean 3 eta 0 irabazi zuen Etxarrik.

Bidezarra da preferente mailako lehen multzoko liderra, 25 punturekin. 2 puntu eskasera bigarren postura igo da Lagun Artea (23 puntu). Etxarri Aranatzek ere gora egin du postuetan eta 10.a da (14 puntu). Asteburuan Etxarriren kontra galtzetik datorren eta 14 punturekin 12.a den Urroztarraren kontra ariko da Lagun Artea, Urrotzen, eta 13 punturekin jaitsiera postutan dagoen Burladesen kontra arituko da Etxarri Burlatan. Goialdean eta behealdean sailkapena oso estu dago eta gure taldeek irabaztea, ez dute besterik.