Binakakoa: Ezkurdia eta Zabaleta, punturik gabe

Guaixe 2016ko abe. 12a, 10:01

Ezkurdiak eta Zabaletak oraindik ez dute punturik bildu.

Ezkurdiak eta Merinok ezin izan zuten Irribarriaren eta Rezustaren kontra (22 eta 10) eta Aimarrek eta Untorioak 22 eta 19 irabazi zieten Elezkanori eta Zabaletari.

Binakako 2. jardunaldiko emaitzak
Aimar-Untoria 22 – Elezkano-Zabaleta 19
Mendizabal-Tolosa 11 – Artola-Albisu 22
Irribarria-Rezusta 22 – Ezkurdia-Merino 10
Oinatz-Larunbe 22 – Urruti-Beroiz 13

Binakako 3. jardunaldia
Elezkano-Zabaleta / Artola-Albisu (asteartean, 17:00etan, Urretxun)
Irribarria-Rezusta / Mendi-Berriola (ostiralean, 22:00etan, Oñatin. ETB1)
Oinatz-Larunbe / Ezkurdia-Merino (larunbatean, 17:45ean, Labriten)
Aimar-Untoria / Urrutikoetxea-Beroiz ( igandean, 17:00etan, Bilbon. ETB1)

Binakako Txapelketa aurkeztu zutenetik pilotazaleek adierazi zuten Irribarriak eta Rezustak osatutako bikoa zela indartsuenetako bat. Irribarriak ez zuen hala uste, txapelketa oso paretsua aurreikusten baitzuen gipuzkoarrak. Baina onartu beharra dago orain arte sekulako lana egiten ari direla eta txapelketa irabazteko faboritoen artean daudela. Larunbatean Joseba Ezkurdia arbizuarraren eta Merino II.aren kontra aritu ziren, Labriten. Partida oso motza izan zen, 40 minutu eta 271 pilotakadakoa. Irribarriak eta Rezustak kolpe oso bizia dute, eta horri indar handiko pilotak eta Labrit pilotalekuko frontis bizia gehituta, ia menperatu ezinezko koktela sortzen da. Eta hori da Iruñeko Bomboneran gertatu zena, bikote indartsua are gehiago hazi zela material horrekin.

Hasi eta berehala aurreratu ziren Irribarria eta Rezusta, 8 eta 1 eta 11 eta 4. Gipuzkoarrek Ezkurdia arbizuarra ongi saihesten jakin zuten eta Merinoren kontra egitea erabaki zuten. Hori izan zen euren estrategia. Tanto gehienak atzean egin zituzten, eta Rezustak Merino menperatu zuen. Errebotetik ezin atera ibili zen Merino. Errioxarrak lehertuta bukatu zuen, eta hori gutxi ez balitz, ezker eskuko minez. Aginte horri esker Irribarriak errematerako aukera ugari izan zituen, bikain probestu zituenak, eta Rezustak ere tanto batzuk egin zituen. Ezkurdiak emaitza makillatu zuen bukaera aldera, 20 eta 8 eta 22 eta 10. Bukaeran lau pilotariek onartu zuten pilotak biziegiak zirela.

Bestalde, ostiralean Zierbenan jokatutako partidan Olaizola II.ak eta Untoriak 22 eta 19 irabazi zieten Elezkano II.ari eta Jose Javier Zabaletari. Hasieran aurreratzea lortu zuten Olaizolak eta Untoriak, 10 eta 5, baina Etxarrengo atzelariak gora egin zuen, gorakada nabarmena izan zuen eta partida ederki estutu zuen. 18 eta 19 aurreratu egin ziren ere Aspekoak, eta azken txanpan partida irabaztear izan ziren. Baina Olaizolak eta Untoriak defentsa lan sendoa egin zuten eta, azkenean, aurkarien hutsei eta goizuetarraren erremateei esker, partida irabaztea lortu zuten.

Elezkano eta Zabaleta bihar lanera
Bihar bertan hasiko da Binakako Txapelketako 3. jardunaldia, Santa Luzia festa egun handia baita Zumarraga-Urretxun eta bertan jaialdia antolatu dute. Hain zuzen ere Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak Artola eta Albisu izango dituzte aurkari, Urretxun. Jokatutako bi jardunaldiak galtzetik datoz Elezkano eta Zabaleta, eta biak irabaztetik, aldiz, Artola eta Albisu. Beraz, dena ematera aterako dira bi bikoteak eta lehia oso estua espero da.

Aldiz, larunbatean Labriten jokatuko dute Ezkurdiak eta Merinok, Oinatzen eta Larunberen kontra. Kasu honetan ere egoera berean daude pilotariak. Oinatzek eta Larunbek euren hirugarren puntua bildu nahiko dute, baina Ezkurdia eta Merino irabazi gabe daude oraindik eta bere lehen puntua lortzera aterako dira. Ea lortzerik duten.