Sakanako Mankomunitateak, Zaldi Beltza Xake Taldearen eta Urdiaingo Udalaren laguntzarekin XVII. Sakanako Xake Txapelketa prestatu zuen larunbatean Urdiainen. Txapelketa, aldi berean, Nafarroako Xake Txapelketa izan zen 1.800 ELO puntutik behera.
22 xakelarik hartu zuten parte aipatu txapelketan, horietatik 5 sakandar ziren, 3 bizkaitar eta gainontzekoak Iruñekoak. Metodologiari dagokionez, 20 minutuko 8 partidatara jokatu zen txapelketa. Mikel Markotegi etxarriarra ibili zen epaile lanak egiten. Manex Regillagak sorpresa eman zuen eta, nahiz eta lehiatu zen gazteena izan, 11 urte baititu, Sakanako Txapelketa irabazi zuen eta 16 urtetik beherako mailan ere txapelduna izan zen Elorrioko gaztea.
“Txapelketa polita izan da. Beste urte batzuetan bezala Iruñeko jokalariak izan ziren gehienak. 11 urteko Manex Regillagak, nahiz eta partida bat galdu, txapelketa bikaina egin zuen eta irabaztea lortu zuen. Arreta handiz jarraituko dugu bere ibilbidea, ea urruti iristen den eta ea gure artean ibili zela esan dezakegun” adierazi dute Sakanako Zaldi Beltza taldekoek. Manex Regillagaren atzetik (6,5 puntu) Mikel Ochoa (6,5 puntu) eta Alfredo Ruiz (6 puntu) sailkatu ziren. Sakandarren artean Koldo Flores izan zen onena. Lizarragabengoakoa 12.a sailkatu zen sailkapen orokorrean (4 puntu).