Artolaren lesioagatik bertan behera geratu zen Binakako Urretxuko partida

Guaixe 2016ko abe. 14a, 09:50

Artola eta Albisuk Elezkanori eta Zabaletari 9 eta 11 irabazten zietenean gertatu zen ezbeharra. Gaur Ezkurdiak eta Merinok larunbaterako materiala aukeratuko dute

Atzo Binakako Txapelketako 3. Jardunaldiko partida jokatzen ari ziren Artola-Albisu eta Elezkano-Zabaleta Urretxun. Artola eta Albisu 9 eta 11 irabazten ari zirela, pilota bati ematerakoan paretaren ezker sorbaldan kolpe gogorra jaso zuen Artolak eta partida bertan behera geratu zen. Ezker sorbaldan luxazioa du Artolak.

Ordura arte bi zati izan zituen partidak. Hasieran Elezkano eta Zabaleta ez ziren fin ibili; Zabaletak eskuinarekin arazoak izan zituen eta aldageletatik eta guzti pasatu zen. Horrela, kontrakoen akatsak aprobetxatuz 4 eta 11 aurreratu ziren Artola eta Albisu. Baina Etxarrengo atzelaria partidan sartzen hasi ahala, egoerari buelta eman zioten eta 9 eta 11 gerturatu ziren Elezkano eta Zabaleta, eta hurrengo tantoan gertatu zen ezbeharra. Hortaz, markagailua 10 eta 11 zegoela, jokoan zegoen puntua Elezkanorendako eta Zabaletarendako izan zen.

Zabaletak euren lehenengo puntua horrela lortzeagatik ez zegoen kontentu. “Artolak denbora asko zeraman geldirik, ezin jokatu, eta lesio hau sekulako faena da. Pena handia da” adierazi zuen Etxarrengoak.

Ezkurdiak eta Merinok materiala aukeratuko dute gaur
Larunbatean Oinatz Bengoetxea eta Larunberen kontra Labriten jokatuko duten partidarako materiala aukeratuko dute gaur Joseba Ezkurdiak eta Merino II.ak Iruñean, 11:30etik aurrera, Bengoetxearekin eta Larunberekin batera. Bi bikoak kontrako egoeran iritsi dira larunbateko partidara: jokatutako bi partidak irabazita, Bengoetxea eta Larunbe, eta jokatutako bi partidak galduta, aldiz, Ezkurdia eta Merino.