Mendigoizale Eguna igandean Aralarren

Guaixe 2016ko abe. 16a, 14:30

Nafarroako mendizaleak 52. Mendigoizale Egunean bilduko dira, etzi. Herri ezberdinetatik aterako dira, Aralarren bat egiteko. Sakanako Mendizaleak taldekoak 8:30ean aterako dira, Lakuntzatik

Urtero moduan, Gabonen aurreko igandean Mendigoizale Eguna ospatuko da Aralarko Santutegian. Mendizaleek gorriz markatuta duten zita da hau, besteak beste hildako mendizaleak oroitu, mendi klubetako gainontzeko mendizaleekin elkartu eta egun polita pasatzen dutelako. 1964. urtean urte horretan hildako hiru mendizale gogoratzeko ekitaldia egin zen Aralarren eta hortik aurrera urtero errepikatu izan da. Hortaz, igandekoa mendizaleen festaren 52. edizioa izango da eta Anaitasuna klubak antolatuko du. 

Meza 11:30ean eta auzatea ondoren
Mendizale gehienak oinez joango dira Aralarrera, 8:30ean abiatuta, bakoitzak aukeratzen duen bidetik. Gehienak Uharte Arakilgo bidetik joango dira, baina Sakanako Mendizaleak taldetik Lakuntzatik abiatzeko deia egin dute, 8:30ean aterata, eta egongo da Madotzetik, Lizarrustitik eta Lekunberri aldetik joko duenik. Behin Aralarren, hildako mendizaleen oroimenezko meza izanen da 11:30ean. Mendizaleek euren mendi materiala bedeinkatzeko aukera izango dute eta, jakina, Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera. Ondoren, 12:15 aldera, hamaiketakoaren txanda izango da, musika lagun, eta kanta eta dantzen tartea helduko da. Mendizale asko eta asko bazkaltzera bilduko dira, bai San Migelen eta baita Nafarroako beste hainbat txokotan ere.

Egun polita izaten da Mendigoizale Eguna, Nafarroako mendizale guztien bilgune, joandakoak oroitzeko eta aspaldiko mendizaleak ikusteko eguna. Gainera, urte bukaera ospatzeko modua ere bada. Nafarroako Mendi Federazioak herritar guztiei igandean Aralarren biltzeko gonbita egin die eta giro polita espero da Aralarren. 

Aralarren bi meza
Mikel Goiengeruaren Kofradiatik adierazi digutenez, Mendigoizaleen eguna dela eta bi elizkizun izanen dira igandean Aralarren. Mendigoizaleena 11:30ean izanen da, eta iganderoko ohiko meza, aldiz, 12:30ean. Bide batez, Kofradiak Eguberri eta Urte Berri on bat opa die Guaixeko irakurle guztiei.