Nafarroako egunaren eguerdian 60 bat irurtzundar udaletxean elkartu ziren. Irurtzungo Gure Esku Dago dinamikaren izenean Txiki Iriartek eta Ainhoa Dorronsorok egin zieten harrera. Lehenik, erabakitze eskubidearen inguruan herrian egindako jardueren berri ematen zuen bideo bat ikusi zuten. Bertaratuek giza katean edota kriseiluen gauean bizitakoa gogoratzeko aukera izan zuten. Iriartek eta Dorronsorok Irurtzungo Gure Esku Dagoren dinamika aurkeztu zuten eta, despedituzeko Jon Zirizak taldearen nondik norakoa azaldu zuen. Talde argazkia eginez despeditu zen bilkura.
Heldu den urteko udaberri akaberan egin nahi dute galdeketa Irurtzunen. Horretarako, lehenik, irurtzundarren %10en babesa jaso behar dute sinadura moduan. Hau da, 16 urtetik gorako 1.820 irurtzundarren 182 sinadura jaso beharko dituzte. Hala ere, ahalik eta babes gehien lortzen saiatuko da taldea. Sinadurak heldu den astean hasiko dira biltzen.