Berriro festa garaia hurbiltzen zaigu eta horrekin lotuta kontsumoaren garaia ere bai, besteak beste alkoholarena.
Gurasook batzuetan geure seme-alaben jardueren inguruan ikertu, galdetu eta kuxkuxeatu egiten dugu pisten bila, jakiteko edan duten, nola, norekin, zer, eta abar. Dena dela, ikerketek esaten digutena zera da: garrantzitsuena da txikitatik haiekin komunikazio ona izatea; haiengan konfiantza izatea; eta balioak oinarrizko balioak irakastea: ardura, arauaren errespetua, ezetz esaten jakitea, mugak...
Halakoak praktikan jarri ez baditugu ere, oraindik badaukagu zer egin, nola ez. Ez etsi. Hona hemen FADek (Fundación de Ayuda contra la drogadicción) gomendatzen diguna gure seme-alaben lehen mozkorraldiaren aurrean:
arnasa hartu eta itxaron hurrengo egunera arte. Alde batetik, bera egoera hobean egongo da elkarrizketa baterako; beste aldetik gu ez gara egongo lehengo emozioekin. Mozkortuta harrapatu dugunean baino lasaiago egongo gara.
Oso gaizki ailegatzen bada, nola dagoen galdetzea oso garrantzitsua da eta beharra ikusten badugu, medikuari laguntza eskatzea.
Lasaitasunez jokatu. Ez “dramatizatu”. Seriotasuna mantendu. Berak uler dezala kezkatzen gaituen kontua dela. Mozkorraldiaren arrazoiak eta zenbat alkohol kontsumitu duen jakiten saiatu. Alkohol gehiegi kontsumitzeak dakartzan arriskuei buruzko informazio gehiegi ez daukala ikusten badugu, emango diogu eta horri buruz hausnartzeko aprobetxatuko dugu.
Parrandara ateratzen den hurrengorako geure seme-alabari alkoholaren kontsumo arduratsuari buruzko konpromisoa eskatuko diogu. Alkoholaren kontsumo handia ohitura bihur ez dadin familiaren laguntza eskaini, aisialdi aukera osasuntsuagoak eskaini.
Arauak eta ordutegiak adostuko ditugu seme-alabekin. Halaber, garbi utziko ditugu konpromisoak ez betetzeak ekarriko dituen ondorioak. Ondorio horiek beraiekin adostuko ditugu.
Geure seme-alaben eguneroko arazoez arduratuko gara eta komunikazioa handituko dugu. Arazoak baldin badaude, laguntzen saiatuko gara.