Jubenilen 2. maila: Etxarri eta Arrotxapearen arteko partida bertan behera geratu zen piztutako liskarrarengatik

Guaixe 2016ko abe. 19a, 13:21

Osasunako Futbol Campusa Etxarri Aranazko San Donato futbol zelaian egin zenekoa.

Arratsaldean Altsasun arbitratu zuen arbitroak salaketa jarri zion Altsasuko futbol zale, ustez azken honek egindako mehatxuengatik

Etxarri Aranatzen eta Altsasun jokatutako gazteen 2. mailako partidek zer esana eman dute. Batetik, larunbat goizean Etxarri Aranatzek eta Arrotxapeak San Donato futbol zelaian jokatutako partidan, 70. minutuan sortu zen istilua. Etxarri Aranatz 4 eta 0 aurreratua zegoen markagailuan bi taldeen arteko jokalarien artean liskarra sortu zenean. Zurrunbilo horretan Arrotxapeako jokalarien guraso batzuk zelaigunera sartu ziren eta, nonbait, gurasoetako batek ez zuen bertatik atera izan nahi. Ondorioz, Azouzi arbitroak partida bertan behera uztea erabaki zuen. Larrialdietan liskarraren berri jaso zen eta Altsasuko Foruzaingoen patrulla bat bertaratu zen Etxarri Aranazko futbol zelaira. Baina egoera bere onera bueltatu zen Foruzainek ezer egin gabe. Arbitroa aldageletatik atera arte geratu ziren Foruzainak, badaezpada ere.

Altsasun futbol zale bati salaketa jarri zion arbitroak
Larunbat arratsaldean gazteen 2. mailako partida jokatu zuten Altsasuk eta Barañaingo Lagunakek Dantzalekun. 1 eta 3 irabazi zuen Lagunak taldeak. Partidan ohiko tentsioa egon zen, Stefan Sabev arbitroak Altsasuko jokalari bat bidali zuen aldageletara baina ez zen aparteko ezer gertatu.

Partida bukatzerakoan aldageletan akta osatu eta dutxatu ondoren, arbitroa kotxera zioanean gertatu zen gertakaria. Nonbait, eta Foruzainek igorritako prentsa oharrean jasotzen denez, jarraitzaile batek arbitroari itxaron zion Dantzalekuko aparkalekuan. Arbitroak salatu zuenez, zale horrek iraundu, mehatxatu eta lepotik heldu zuen, eta, arbitroak poliziari deitu behar ziola esan ondoren, joan egin zen. Arbitroak Poliziara deitu zuen eta Altsasuko Foruzaingoetako agenteak agertu ziren Dantzalekura. Handik komisaldegira eraman zuten, salaketa jartzera. Zalearen matrikula ere hartu zuen. Arbitroak salaketan ere gaineratu zuen, partida jokatzen ari zenean, ikusle baten partetik, jokalari baten aita antza, etengabeko irainak eta mehatxuak entzun behar izan zituela eta aparkalekuan itxarongo ziola ere mehatxu egin ziola.  Foruzaingoa ustezko mehatxuen delitu arinaren atestatua tramitatzen ari da.

Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzaile Gorka Paskuak adierazi digunez, harrituta daude. “Klubean ez dakigu ezer. Partida bukatzerakoan eta dutxatu ondoren, gure entrenatzaileak ea joan ahal ziren galdetu zion arbitroari eta hark baietz  erantzun zion. Arbitroaz gain, Dantzalekuko instalazioetako arduraduna zegoen han. Eta berak ere esaten du ez zuela ezer ikusi ez entzun. Ez dakigu zer gertatu zen, ez nor den salaketa jaso zuena ez ezer. Harrituak gaude” adierazi du Gorka Paskuak, gertakariekin penatuta.