Mendigoizaleen eguna, lainoez gaindi

Guaixe 2016ko abe. 19a, 14:35

Mendigoizaleek ere Altsasuko atxilotu eta auzipetuak izan zituzten gogoan. Utzitakoa.

Mendizale ugari bildu zen Aralar gainean, 51. Mendigoizale Egunean

Gabonen aurreko igandean, ohi bezala, mendizaleek Aralarreko bidea hartu zuten. Nafarroako mendi klub bakoitzak nahi zuen tokitik ekin zion bideari, askok Uharte Arakildik, baina Sakanako Mendizaleak taldea, esaterako, Lakuntzatik abiatu zen. Lainopean zegoen Sakana, baina bidean gora egin ahala, eguzki bikaina topatu zuten mendizaleek. Bitartean, Sakanak lainopean jarraitu zuen, egun osoan. Behin santutegian, 51. Mendigoizale Eguneko ospakizunei ekin zieten mendizaleek.

Nahi zutenek hildako mendizaleen aldeko mezara jo zuten, 11:30ean. Aurten bi mendizale zendu direla aipatu zuen Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek, Axio Aranburu altsasuarra, Alpeetan, eta Alfonso Ripa iruindarra, Himalayan. Haiek eta zendutako beste guztiak gogoratzeaz gain, mendiko materiala bedeinkatzeko eta Aralarko San Migel aingeruari muxu emateko aukera probestu zuten mendizaleek. Ondoren, federazioak auzate ederra eskaini zuen Aralarko ostatuan, eta aspaldiko lagunekin biltzeko eta lagun artean gustura aritzeko aukera izan zuten mendizaleek. Anaitasuna kluba izan zen antolatzailea, baina hurrengo urtean Bosco eta Irurtzungo Iratxok ardura hartuko omen dute.

1964. urtean hildako hiru mendizale nafar oroitzeko meza oso jendetsua burutu zen Aralarren. Hurrengo urtetik, 1965 urtetik aurrera ospatzen da Mendigoizale Eguna, zendutako mendizaleak gogoratu eta anai arteko festa ospatzeko, mendizale nafarrek kolore gorriz nabarmendua duten zita.

Ia 10.000 lizentzia
Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioan ia 10.000 pertsona daude lizentziarekin. Soilik futbolak ditu lizentzia gehiago. “Aurtengoa izan da lizentzia gehien izan ditugun urtea; 500 lizentzia berri inguru tramitatu dira” azaldu zuen federazioko presidente Martin Montañesek. Bereziki mendi lasterketek eta eskaladak erakarrita tramitatu dira aipatu lizentziak.

Federazioak lizentzia ugari bai, baina Aralarko Mendigoizale Egunean zeuden mendizale gehienak 50 urtetik gorakoak ziren. “Jende gazte gehiago ikustea polita litzateke, baina gehienak Etxauriko paretetan daude. Interesa ikusita, Federaziotik eskaladari bultzada bat eman nahi diogu, dauden bideak mantenduz, berriak eginez eta txapelketak sustatzen” gaineratu zuen Montañesek.