Ginesa Lopez eta Raul Audikana Sakanako Kopako txapeldunak

Guaixe 2016ko abe. 20a, 13:35

Ginesa Lopez eta Raul Audikana Sakanako Herri Lasterketako podiumean, Lakuntzan.

Sari ematea ilbeltzaren bukaeran izango da

Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako Atletismo Kopak-Lasa Kirolak Sariak baditu txapeldunak. Sakanako Atletismo Kopan bost probek puntuatzen zuten: XIII. Aitzkozar Herri Krosak (maiatzak 21), III. Ziordiko Herri Krosak (maiatzak 28), XIII. Ergoienako Birak (irailak 17), XVI. Sakanako Herri Lasterketak (urriak 22) eta XXXVI. Barrikarteren Oroimenezko Oinezko Lasterketak (abenduak 8). Bada, proba horietan lehiatutako sakandarren emaitzak kontuan hartuta erabaki da Sakanako Atletismo Kopa. Emakumezkoetan Ginesa Lopez Cid izan da txapelduna, Izaskun Beunza Azazetaren eta Maite Zabaleta Gomezen aurretik. Eta, gizonezkoetan, Raul Audikana Arrese olaztiarra izan da onena, Sergio Garcia de Eulate Maya eta Alberto Martinez Trinidad korrikalarien aurretik.

Bestalde, Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarriak ziren bost probetan parte hartu zutenen artean –Ginesa Lopez, Maite Zabaleta, Raul Audikana, Santi Agirre eta Joxemari Mercero– sari bat zozketatuko du ilbeltzaren bukaeran burutuko den sari banaketan.